Enpatia ezaz gaixo

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Epelde 2023ko ots. 12a, 09:00

Joseba Epeldek urtarrileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Enpatia ezaz gaixo'.

Demokraziaren tenplutzat dut parlamentua, herritarron gaurko arazoak konpontzeko eta biharkoak ezerezean uzten ahalegintzeko gunea. Hori da teoria, behinik behin; eta praktika zenbaitetan, edo hala sinetsi nahi genuke. Beste batzuetan, nahi baino gehiagotan, tenplua zirku bihurtua ikusi ohi dugu. Hori bururatu zitzaidan duela ez asko telebista ikusten ari nintzela: emakume batek torturak salatu ondoren, parlamentari bat haren adierazpenez barre egiten ikusi nuen Espainiako Parlamentuan. Apaizak pailazo eta tenplua zirku bilakatzea baino are larriagoa iritzi nion orduan burlaize hari, tortura-salaketa haiek egian oinarrituta zeuden ala ez alde batera utzita.

Hurkoaren azalean jartzeko ezintasun (edo borondate falta) horrek edozein birusek baino triskantza handiagoak eragin ditu historian zehar. Nire irakurketa apurretan, ez dut horren berri hobeto ematen ikusi Unai Elorriagaren Iazko hezurrak liburuaren lehen atal gomendagarrian baino. Eta kateak etenik ez duela dirudi: ez baitzaio asko inporta izan Putini milaka haur gurasorik gabe utzi, eta milioika familia esku bat aurrean eta bestea atzean beren etxeetatik irtenaraztea. Beste hainbeste egin zuen orain ez dela asko Bushek irakiarrekin. Zertarako joan hain urrun, ezta? Ia egunero ditugu komunikabideetan Mediterraneoan desagertutakoen edo bortxaketen eta tratu txarren albisteak. Nola ulertu gozamen sexual minimoena ere beste pertsona baten bizitza betiko hondatzera eraman dezakeen ustezko harreman baten bidez?

Gaixotasun bat dugu gure gizarteetan: enpatiarik eza. Ez da ez gaurkoa, ez atzokoa, baina susmoa dut okerrera egiten ari garela azkenaldian. Izan ere, lotsagarritzat jotzen genuelako ezkutatzen saiatzetik, erakusteko eta harro egoteko motibo bihurtzera igaro da zenbaiten agerraldietan. Inoiz ez bezala, batzuen ia erabateko askatasuna eta agintekeria elkarbizitzaren gainetik jartzen dituztenen diskurtsoak (Trump, Bolsonaro, Putin, Johnson…) nagusitzen ari dira, jarraitu beharreko eredua mugarik ez duen eliteen askatasuna balitz bezala (Ayuso), bizikidetzaren oinarri-oinarrizkoa alde batera utzita. Alabaina, eta nekez desagerraraziko dugula jakinik, egon badago enpatian aurrera egiteko aukera eta tartea, behar adina baliabide jarriz gero ikerketarako eta hezkuntzarako, besteak beste.

Hezkuntzan, esaterako, beharbada inoiz baino ingeniari, mediku, hizkuntzalari eta, oro har, aditu hobeak ditugu edozein arlotan; berebiziko garrantzia ematen diogu gure haur eta gaztetxoek ahalik prestakuntza onena izateari ingelesean, matematikan eta abarretan, baina ez dugu beharrik ikusten, dirudienez, denbora eta dirua inbertitzeko gure haur eta gazteek besteen azalean jartzen laguntzen dieten jarrerak eta jokabideak beregana ditzaten. Gizartean gorago edo aurrerago joateko eraginkorragoak egiten gaituen heziketa nahi dugu itxura batean, alboetara zer eta nola uzten dugun ia aintzat hartu gabe.

Enpatiarik ezaren gordintasuna erakusten duen Unai Elorriagaren liburua aipatu dut gorago. Bukatzeko, Kirmen Uriberen azken liburuko protagonista izango dut hizpide; Rosika Schwimmer, alegia. Aktibista, feminista, sufragista eta bakezale nekaezina izan zen, eta idealista, utopista eta antzeko balizko laidoekin iraindu zuten indarkeriaren antidoto bakarra indarkeria bera dela egia eztabaidaezintzat zutenek. Lotsa ematen du hain agerikoa den zerbait idazteak ere, baina etorriko direnen mundua askoz hobea litzateke Rosika gehiagorekin eta enpatia ahulen gaiztzat duten gaixo edo bihozgabe gutxiagorekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide