Jarrerak

Erabiltzailearen aurpegia Ixabel Jauregi 2023ko uzt. 9a, 17:02
Familia baten irudia. (Pixabay)

Ixabel Jauregik ekaineko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Jarrerak'.

Inguruko eta herriko hainbat albistek bultzatuta, hausnarketarako... Aitziber Arzallusek apirilaren 5ean idatzi zuen honako hau: "Azkoitiak du eskualdeko atzerritar tasarik handiena: %11,7. Herrian bizi diren hamar atzerritarretatik lau afrikarrak dira, hiru amerikarrak, eta gainontzekoak, asiarrak eta europarrak".

Joan zen abenduan argiratutako kale neurketaren aipamena egin nahi dut, kezkaturik: hamar lagunetik ia zazpi euskarazko elkarrizketetan ari ziren, %66,9 hain zuzen; gaztelaniaz, %24 eta %9,1 beste hizkuntza batzuetan.

Nire belarriak egunero ohartzen dira gure herrian euskararen presentzia urritzen ari dela, hala nola hainbat kaletan, bileratan, haurren jolas gunetan, tabernetan... Gure herrian euskara jakin gabe bizi daiteke. Eta zer esanik ez EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian.

Berebiziko garrantzia du gurasoen jokabideak, baita euskaraz jakin gabe ere

Azkoitira orain dela mende erdi etorritako askok eta iristen ari diren askok ez dute euskara ikasi, ezta ikasiko ere, premiarik ez dutelako, interes ezagatik, trabak gainditu behar dituztelako: lan orduak, kontziliazioa, beren hizkuntzarekiko hurbilpen eza (zaila dela esan baitzaie). Beste lehentasun batzuk dituzte, askok ez dakite hemen bi hizkuntza ofizialak daudenik ere. Erabateko egoera diglosikoan bizi gara.

Hizkuntza jarrerak etxean jasotzen dira hein handi batean, eta, horrenbestez, berebiziko garrantzia du gurasoen jokabideak, baita euskaraz jakin gabe ere: euskararekiko mezu positiboak ematea, ikasten ari direnean emandako urratsak goraipatzea, euskararekin interesa azaltzea... Baina lehenbizi etxeko hizkuntza transmititu behar da. Eta euskararen transmisioak huts egiten duenean? Euskarak gutako bakoitza behar duela ahazten zaigunean? Jarrera kontuei lotuta, adibide modura, Zarautzen, Uemako herrian, etxeetara hiztun ekologistaren dekalogoa iritsi da, eta ez legoke gaizki begiratzea eta praktikan jartzea.

Bukatzeko, honako honekin uzten zaituztet: Zumaiako Eusebio Gurrutxaga plazan, Txilardegiren esaldi bat dago, Euskal Herrian Euskarazen logoak lagunduta: "Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz". Bitartean, esna gaitezen!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide