Euskaratik sortu

Erabiltzailearen aurpegia Ixabel Jauregi 2022ko urt. 9a, 09:58

Ixabel Jauregik abenduko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Euskaratik sortu'.

Marga Iñiguezek 50 urtedaramatza aholkulari lanetan, batez ere sormenari buruzko tailerrak ematen, eta zera irakurri diot Argia-n. "Sormena eskubide bat da, eta premiazkoa. Pertsonek eta herriek gure singulartasun eta nortasun propioa izateko dugun eskubidea da, gure estilo propiotik transformatzeko eta aurrera egiteko".

Era berean, Berria-n irakurri dut 2022ko udazkenean Getxon abiatuko dela XVIII. Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta finala Iruñea Arenan jokatuko dela, abenduaren 18an. Bertsolaritza sormen arrago bat den aldetik, Iñiguezek esandakoa hitzez hitz betetzen da.

Kalean, sormen tailerren iragarkiak: "Kattagorri Artea, tailer artistikoak; Garazi, haurrentzako sormen tailerrak; Artelan: marrazki artistiko, pintura, buztin modelaketa...". Gune horietan norbera izateko aukerak zabaltzen dira, desberdinen artean elkarrekin arituz. Ikasten diren teknikez gain, konfiantza ere lantzen da. Ondoren dator sortu denarekin gustura sentitzea.

Erniarraitzek ere zabaldu du deialdia, ez du sormen hitzaren amurik bota, baina aurreko sormen gune horiek lantzen dutena jorratzen du. Andoni Egañari irakurri nion behin gazteen diskurtso ezak kezkatzen zuela. Harentzat, honako hau da bertsolaritza: "Gaiak iradokitzen dizkizun pentsamenduak eta sentimenduak espontaneoki eta ahalik eta modu eraginkorrenean adieraztea da kontua...". Sortze lana.

Ane Labaka bertsolariak bertsoa dibertsio, sormen eta ahalduntzearekin lotzen du, bere buruari galderak eginez eta gauzak zalantzan jarriz. Horretarako besteei entzun behar zaie, informazioa jaso behar da eta iritzia ematen ikasi. Eta garrantzitsuena: "Sormena ez da bukatzen zuk amaitzen duzun horretan, jasotzen duen harengan eragiten jarraitzen du".

Egañaren diskurtso ezari lotuz, gaur askok, eta ez bakarrik haurrak eta gazteak, gaztelerara eta erderara jotzen dute, aisialdirako tresnak erabiltzean. Sakelekoan, ikus- entzunezkoetan... beren beharrak, aukerak asetzen dituzten hizkuntzak direlako. Bertsolaritzan ludikotasun hori lantzen da, sentimenduak kanporatzeko, partekatzeko eta entzuteko aukera ematen duelako, taldekide sentituz.

Abenduaren 3e pasa da, gure intezixuk berrittu beharko ditou, ahal bada hika eginez, gure komunikazixuk sortzean edozein gailu ibilita ere euskeraz. Maialen Lujanbiok 2009ko Txapelketa Nagusian esan zuen: "Herri hau sortzen segi dezagun euskaratik ta euskaraz".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide