Barne isiltasuna bizitzen

Erabiltzailearen aurpegia Ixabel Jauregi 2017ko abu. 10a, 11:25

Lanpetuta buruhaustez beteta gabiltzanean nola eskertzen da gelditu eta isilik egotea ezer egin gabe. Uda gertu dugu, eta une aproposa izan daiteke gai honi heltzeko.

Gaurko mundu eroak une oro dena kontrolpean izatera garamatza, betebeharrez josita bizi gara, mugaz gain, eta egoera zail batetik bestera jauzika ibiltze honek barruko egonezina dakarkigu. Estresean erortzen gara eta ez gara gai bizitzak dakartzan aldaketei aurre egiteko. Bakerik ezak gure sistema immunologikoa ahultzen du eta gaitzei atea irekitzen die.

Meditazioaren bidea proposatzen dizuet, geure barru-barruarekin konektatuko
dugulako eta horrek onurak besterik ez dituelako. Horretarako, aholkagarriak iruditzen zaizkit Santiago Pazhin psikoterapeutaren baliabideak, erlaxazio eta arnasketa atalak lantzen dituztenak batez ere. Baita Jules Massenet musikariaren “Thaisen meditazioak” lasaigarria ere. Aforismoak ere bizi baliotzat eta hausnarketarako perlatzat dauzkat, bai herriko Juan Ramon Alberdirenak, bai Literaturako Nobelaren saridun den Rabindranath Tagorerenak, adibidez: «Bihotzera iritsiko zaizkizu bihotzetik aterako hitzak»…

Meditazioa eta otoitza dira arimaren elikagaiak eta geure inguruarekin bat egiten
gaituztenak, gizaki eta izaki guztiok argi bera eta gau bera partekatzen dugulako. Sakonean maitasuna dago, eta horrek dakarren laguntzarako jarrera. Horrela, ondoan dugunaz konturatzen gara: Urola ibaian hegan doan kaioaz, geure balkoietan ernetzen ari diren geranioez, bizi ezinik dabiltzan hainbat deserriratuz, herrian bakardadean, lan gabe, kezkaz beterik… bizi direnez. Barne bakean bizitzea bizitzeko modua da, Lur honetan bizitzeko modua, pertsona izateko modua.

«Jakintsua ez da asko dakiena, asko meditatu duena baizik». Pirandelloren hitzak
ditugu.

Gai hauen inguruko udako ikastaro batean, Irungo emakume bat lagun egin nuen,
eta hark egindako opariarekin uzten zaituztet:

Zarata gehiegi dago zure barnean, entzun isiltasunean zure barnean duzuna.
Kezka gehiegi zure buruan, baita zure bihotzean ere, entzun isiltasunean zure
barnean duzuna.

Bakarrik gera zaitez, entzun isiltasunean zure barnean duzuna.

Sar zaitez zure barne-barnera, entzun isiltasunean zure barnean duzuna.

Gera zaitez isilik Jaunaren aurrean, ahatz itzazu zure hitzak, oroigarriak, eskaerak
proiektuak, begira iezaiozu Berari zure barneko mugak kontuan hartu gabe.
Bere aurrean bakean gera zaitez, Beregan utz itzazu zure aztoramenak, kezkak…

Hustu zaitez, beste ezer jartzeke zuen bi begiraden tartean…

Gera zaitez tristurarik gabe, erresuminik gabe, harrotasunik gabe, izan zaitez zeu.

Berak hitz egingo dizu, bere borondatea egin dezazun…

Egon zaitez Bere aurrean, isilik, isilik…

Azkenik, Avilako Teresaren hitzak, gaur egun musikatuak: «Ezerk ez zaitzala
asaldatu /ezerk ez ikaratu / Jauna zurekin baduzu / ez duzu ezer behar…».

San Joan suaren ingurunea ere ez da leku txarra herritarrez inguraturik suari begira
egoteko egun luzeenean, hausnarketarako denbora hartuta, isilik, gozatuz… Zoriontsu izan zaitezte!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide