Azukre askeak, finduak...

Erabiltzailearen aurpegia Intza Sudupe Mujika 2021ko mai. 7a, 08:10

Intza Sudupek apirileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Azuke askeak, finduak...'.

Azukre asko dago gure elikaduran, eta ez dakigu beti identifikatzen. Finduak (oro har azukrea) nutrizio ekarpenik ez du, eta osasunerako kaltegarrienetakoa da. Horren gehiegizko kontsumoa hainbat gaitzekin nahiz gizentasunarekin lotzen da. Azukre askeei buruz ari gara, baina kontsumitzaile gisa inoiz ez dakigu oso ondo, ordea, askea eta sinplea gauza bera diren.

Europako legediaren arabera, azukreak monosakarido edo bi molekula sinple dira, hala nola fruktosa, glukosa, galaktosa, sakarosa, laktosa... Etiketatzeari dagokionez, ez ditu askeak eta intrintsekoak bereizten. Nutrizio balioen taulan denak "azukre" gisa azaltzen dira.

Munduko Osasun Erakundeak Europako legediak bezala azaltzen ditu azukre sinpleak (disakaridoak eta monosakaridoak). Kasu honetan, baina, bi kategoriatan bereizita: alde batetik, askeak (prozesuan gehitzen diren azukre sinpleak). Horiek eguneko 25 gramora mugatu behar ditugu. Eta bestetik, intrintsekoak (esneak, frutak eta barazkiek berez dituzte konposizioan).

Zein da arazoa orduan? Azukre askeen eta intrintsekoen nahasketa duten elikagaiek ezin dugu jakin horietako bakoitzaren zer kantitate duten. Adibidez, frutadun eta azukredun jogurt batean, azukre sinple intrintsekoak dituzten bi osagai daude eta azukre sinple askea (sakarosa, industriak gehitua) duen bat. Eta guztiak "azukre" gisa azalduko dira nutrizio balioen taulan.

Zaila da bereiztea, baina ez arduratu. Jaki bakoitzaren azukre libre kantitate zehatza jakitea baino funtsezkoagoa da zer azukre saihestu behar ditugun eta horiek non aurkitzen diren ezagutzea.

Eta, zer gertatzen da azukre mota horren ordez "natural" deitutakoak, findu gabekoak – azukre beltza, panela edo kanabera azukrea, siropeak, jarabeak–, erabiltzen ditugunean? Egia da mantenugairen bat dutela, baina haien ehunekoa oso txikia da, eta azukrea da. Beraz, gure organismoan findutakoaren ondorio kaltegarri berberak eragiten ditu.

Eta edulkoratzaileak edo gozagarriak? Egun, industriak gozagarri eta edulkoratzaile artifizial ugari eskaintzen ditu, kaloria gutxi edota batere ez dutenak, eta ahosabaian atseginak. Baina benetan osasuntsuak al dira? Ez. Aurrez aipatutako azukreen portaera funtzional berberak eragiteaz gain, hesteetako floran disfuntzioak eragin ditzakete.

Beraz, zein izango litzateke goxatzeko aukerarik osasuntsuena? Elikagaiei azukrerik eta edulkoratzailerik ez gehitzea da emaitzak emango dizkigun irtenbidea. Aukerarik onena jakiak azukre naturalak (intrintsekoak) dituzten elikagaiekin gozatzea da, hala nola fruta deshidratatuak, mahaspasak, aran-pasak eta datilak nahiz fruta naturalak, hala nola sagar errea edo banana. Kanela, koko birrindua edota kakao purua ere beste hiru aukera on dira. Errezeta gaziak goxatzeko, berriz, ahuakatea, erremolatxa, kalabaza edo azenarioa erabili ditzakegu.

"Azukrea zero" helburura iristeko onena kontsumoa pixkanaka gutxitzen joatea da. Horretarako, azken urteetan azukre horien guztien ordezkoak agertu dira; Stevia da bat.

Baina Steviaz kontsumitzaileari helarazten zaion mezua ez da egia; Stevia edulkoratzaileen artetik onena dela esatea marketin estrategia bat besterik ez da. Stevia rebaudiana tradizionalki Paraguain landatzen dute, eta landare horretatik ahalmen edulkoratzaile handiko konposatu bat lortzen dute, azukrearen ordezko gisa erabiltzeko. Baina supermerkatuan saltzen duten edulkoratzailea ez da landarea.

"Naturala" hitza elikagaiei balio erantsia emateko ahaleginean erabiltzen da gaur egun merkatuan. Boladan dago elikagaiak "natural" hitza jarrita sustatzea. Horrek, ordea, ez du inolako zentzurik, konposatu baten propietateak ez baitaude jatorriaren mende. Izan ere, propietateak konposizioaren eta egitura kimikoaren mende daude.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide