Zubi-Aurre Elkargunearen irisgarritasun azterketa egin dute herriko taldeek

Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak (GKEF), Marea Urdina Elkarteak eta Instalakuntza Duinak Orain! (IDO) taldeak Zubi-Aurre Elkargunea kirol eta kultur instalazioen irisgarritasun azterketa egin dute.

Herriko taldeek aspalditik salatu dute Elkarguneko instalazioeik irisgarritasun arazoa txosten eta bideo bitartez. Oraingo honetan, ordea, zehatz mehatz aztertu dituzte Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioarekin elkarlanean. GKEFren laguntza ezinbestekoa izan da txostena egiterakoan, eta doan egin dute. Herritar taldeak oso pozik daude lortu duten azterketarekin. Izan ere, lan handia eskatu du lanketak, baina gaur egun dauden arazo ugariak zehaztu dituzte horren bidez.

Besteak beste, honako arazo hauek hauteman dira:

  • Pertsonen presentziarekin irekitzen diren ateak egon beharko lirateke gaur egungo irisgarritasun legea betetzeko.
  • Igerilekuan aurkitzen den komun eta aldagela egokitua ez da erabilgarria eta ez dago baldintza onetan.
  • Igerileku txikira joateko, eskailerak bakarrik daude.
  • Ez dago aparkaleku egokiturik gertu.
  • Seinalektikan hainbat moldaketa egin beharko lirateke kiroldegiak duen antolaketa erabiltzaile orori errazteko (kiroldegira sartzeko eta bertan orientatzeko zailtasunak daude).
  • Igerilekuko eta aldagela zaharretako lurra oso irristakorra da.

Egin beharko liratekeen moldaketak lehentasunaren arabera mailakatu dira txosten horretan: lehentasun gorena eta lehentasuna. Hemendik aurrera, beraz, apurka-apurka aktuazio horiek egitea komenigarria izango litzateke.

Horrez gain, pasa den astean berri ona jaso zen taldeen ustez. 2018ko urrian IDO taldetik egindako eskariari erantzunez, aurtengo abuztura arte egon den elebatzaile automatikoa kendu eta berria ekarri zuten. Aurrekoaren erabilpena oso mugatua izateaz gain, estatikoa zen —ezin zen igerilekuaren edozein puntutan erabili— eta kalearen zati bat hartzen zuen. Gailu berria igerilekuaren edozein puntutan erabil daiteke, eta etorkizunean igerileku berria egiten bada, bertan ere erabili ahalko da. IDO eta Marea Urdina oso pozik agertu dira, makina berriaren prozesuan paper garrantzitsua izan baitute. Kirol Egokituko Federazioaren laguntza ere eskertzekoa izan da tresna aukeratzeko orduan.

Orain, beraz, igerileku handira iritsiz gero, hara sartzea errazagoa izango da. Oraindik, ordea, bertara edo igerileku txikira iristeak arazo handia izaten jarraitzen du.

Marea Urdina eta IDO ados daude aldaketa horiek beharrezkoak direlako eta igerileku berriak arazo askori irtenbidea ematen lagunduko diolako. Igerileku berria beharrezkoa da sozialki eragingo dituen onurengatik eta erabiltzaile guztien beharrei erantzuten lagunduko duelako. Aspalditik dagoen eskari bat izanik, eta denborak aurrera eta eskariak gora egin ahala, egoera gero eta korapilatsuagoa eta deserosoagoa bilakatzen du igerilekuko eguneroko elkarbizitzan. Marea Urdina eta IDO taldeetako kideek proiektuaren erredakzioa eta egikaritzea gertutik jarraituko dute egungo erabiltzaile eta erabiltzaile posible guztien beharrak asetuko dituen igerileku berri bat izan dezagun.

Marea Urdina elkartea eta Instalakuntza Duinak Orain! taldea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide