Igerilekuaren arazoari irtenbidea ematea eskatzen duten sinadurak aurkeztu dituzte

Instalakuntza Duinak Orain! (IDO) taldeak bildu zituen 2090 sinadura aurkeztu zituen atzo udaletxeko erregistroan. Horretaz gain, gaur egungo egoera eta hurrengo pausoen berri eman dute.

Instalakuntza Duinak Orain! taldeak azarotik urtarrilera jaso zituen 2.090 sinadura aurkeztu zituen atzo, ekainak 27 udaletxeko erregistroan. Sinadura hauen bidez, herritarrek gaur egungo igerilekuak herritarren beharrak ez dituztela betetzen adierazi eta irtenbide bat emateko eskatzen dute.
 
Arratsaldean taldeko kideak Udalaren pleno aretora joan ziren berria alderdi guztiei helarazteko asmoz.
 
Gaur egun, aurreproiektua eginda dago igerileku berri bat Elkarguneko futbol zelaian egiteko, zelaia saskibaloiko kantxetara desplazatuz. Saskibaloiko kantxa hauen erabilpena oso urria da eta gainera futbol zelaiak dituen filtrazio arazoak konpontzeko aukera egongo litzateke. Aurreproiektua herritarrei aurkeztu zieten ekainaren 5ean egindako bilera irekian eta harrera oso ona izan zuen.
 
Hurrengo pausoa proiektua gauzatzea izango da, horretarako eta obren zuzendaritzarako 140.000€ behar dira. Diru kantitate hau hurrengo urteko aurrekontuetan sartzeko ahalegina egingo dute IDOkoek udal talde guztiekin elkarlanean. Ezer lotuta ez dagoen arren, aukera badagoela uste dute taldekoek.

Bestalde, plataformako kideek Foru Aldundiaren aurrekontu partehartzaileetan igerileku berriaren finantziazioa proposatu dute eta Kirol Sailarekin harremanetan jartzea aurreikusten dute egoera azaltzeko.

Guka da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Gukako bazkide