Martxoaren 30eko ikasle grebarako lanean jardungo du Urola Erdiko Ikasle Abertzaleakek

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Ikasle Abertzaleak 2023ko mar. 13a, 09:56

Enpresari handien menpeko hezkuntzak miseriara kondenatzen gaitu! lelopean kaleratuko dira ikasleak martxoaren 30eko ikasle greban. Horrela, hilabete honetan Urola Erdiko Ikasle Abertzaleak Ikasle Grebarako lanean arituko da.

Martxoaren 30erako Ikasle Greba deitu du Ikasle Abertzaleakek Enpresari handien menpeko hezkuntzak miseriara kondentzatzen gaitu! lelopean, eta horren aurrean, ikasle langileok antolatzera eta borrokatzera deitzen ditu.

Hezkuntza sistema bere osotasunean enpresari handien esku hartzearen menpe dago. Hezkuntza sistema erreminta neutrala izatetik urrun, interes konkretu batzuei erantzuten dien erreminta bat gehiago da, enpresari handien interesei, alegia. Enpresen esku hartzea unibertsitateetan eta Lanbide Heziketetan agerikoagoa bada ere, hezkuntza sistema osoa zeharkatzen du, baita bigarren hezkuntza eta batxilergoa ere. Zer formen bitartez gauzatzen duten jakiteko, geure buruari galdetu behar diogu: Nolako ikasleak nahi gaituzte? Eta zein mekanismoren bitartez gauzatzen dute?

Lanaldi luzeetara ohituta egongo diren langileak hezten dituzte, lan karga handiak jasatera ohituta egongo direnak, goi karguko figura autoritarioak errespetatzeko eta obeditzeko ohitzen gaituzte, otzanak izatera, alegia. Kritikarako baliabide oro kendu digute, filosofia bezalako ikasgaiei garrantzia kentzen diete, eta balio etikoen nahiz zibikoen ikasgaiei indarra ematen diete, eta horien bitartez balio konkretu batzuk txertatzen dizkigute.

Bestalde, salatzen dute hezkuntza sistemak etorkizunik ez duela bermatzen, meritokraziaren falazia azpimarratuz. Izan ere, egungo hezkuntzak funtzio meritokratikoak betetzen dituela diote, ikasleen emaitzak beraien merituen zein esfortzuen ondorioen araberakoa dela, alegia. Mekanismo garrantzitsua da hezkuntza sistema meritokratiko gisa aurkeztea, egungo gizartearen ordena zalantzan jarri ez dezagun. Horrek klase sozialen existentzia betikotzeko eta justifikatzeko balio du, hala sektore desberdinen artean ematen den arrakala ezkutatuz.

Egoera horren aurrean, antolatzera eta borrokatzera deitzen ditugu ikasleak, enpresari handien eta politikarien fartsatik kanpo antolatu behar dela azpimarratuz. Gizartearen eta ikasleriaren ongizatea bermatuko duen hezkuntza sistemaren alde egin behar dela diogu, Hezkuntza Sistema Sozialistaren alde: doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango dena, hain zuzen ere. Horregatik, gaurdanik, ikasleak beraien ikas-baldintzen alde borrokatzera deitzen ditugu, indarrak batuz, ikasleriaren interesetara egongo den hezkuntza sistema eraikitzeko bidean. Hori horrela, martxoaren 30eko Ikasle Greba bide honetan aurrerapauso bat izango da, ikasleria egun horretan egingo diren mobilizazioetara batzera animatuz. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide