Nolako atalaurrea, halako etxea

Erabiltzailearen aurpegia Ioritz Gonzalez Lertxundi 2024ko urt. 13a, 09:30

Ioritz Gonzalezek abenduko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: 'Nolako atalaurrea, halako etxea'.

Asteko egun arrunt bat da, kiroldegian nago nire ohiko saiotxoa egiten eta lagun batek Whatsappetik iritsi zaion irudi tamalgarri bat erakutsi dit. "Hau egia izango duk? Orion gertatu omen duk!", aurreneko hitzak. Nik, mesedez, berriro ez erakusteko esan diot. Argazkian, emakume bat ageri da, hilik, seguruenik tiroz.

Etxera iristean, telebista piztu eta berriak ikusten ari naizela, berriro ere zorigaiztoko irudi hura: berriak dio emakume bat hil duela senarrak, tiroz, eta ondoren bere buruaz beste egin duela. Gainera, bi seme-alaben guraso ziren. Orion, egun argiz, arratsaldeko 16:00etan, erdiguneko kale batean. Izugarria, benetan izugarria.

Egunerokotasuneko bizimoduak duen abiadurak zoritxarreko berriak sorturiko haserre eta egonezina zertxobait apalduarazi ondoren, honako galdera hauek sortu zaizkit: zer ordutan iritsi zaio irudia nire lagunari? 16:30ean? Ordu erdi eskasean iritsi bazaio, argazkia bolo-bolo ibiliko da herritarren eskuko telefonoetan? Nori bururatu ote zaio argazkia ateratzea? Are gehiago, nori bururatu ote zaio Whatsappez zabaltzea? Jendeak irudi hori jaso eta birbidali egingo du besterik gabe? Aspaldian esana da besteen minak ez duela inor gaixotzen.

Edozein berri, irudi eta abar inolako gogoetarik gabe zabaltzeko joera dagoela dirudi

Esango nuke gai horren inguruan zer hausnartua badugula. Edozein berri, irudi eta abar inolako gogoetarik gabe zabaltzeko joera dagoela dirudi. Askotan, umeak tarteko; askotan, baimenik gabe; garrantzitsuena partekatzea da. Pentsa une batez, ume horiek urte batzuen buruan beren irudiak sarean ikusiz gero zer senti dezaketen. Pentsa une batez, esaterako, nola eragin diezaioken irudi horiek zabaltzeak zoritxarreko berrian protagonista izan diren bikotearen seme-alabei, haiek etorkizunean ikusten badituzte.

Gaur egun, eskuko telefonoari egunero orduak eskaintzen dizkiogu. Erraza da: geure gailua atera, argazkia atera, partekatzeko botoiari sakatu eta listo; ez hausnarketarik, ez buruko minik, ez ondoriorik. Zer eskaintzen ote digu horrelako berriak edo bestelako argazkiak zabaltzeak? Agian, zabaldu aurretik gaiari benetan behar duen denbora eta garrantzia eman beharko genioke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide