Nora haizea, hara lainoa

Erabiltzailearen aurpegia Ioritz Gonzalez Lertxundi 2023ko eka. 21a, 09:03
Argazkia: pxhere.com

Ioritz Gonzalezek maiatzeko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Nora haizea, hara lainoa'.

Ikasgelan sartu naiz, gai berria lantzeko asmoz: landareak. Neure artean, 14-15 urteko ikasleek dituzten aurrezagutzak nola behatu dabilkit buruan. Honako galderak hauek bota dizkiet: "Zenbat zuhaitz espezie ezagutzen dituzue? Zerrendatuko al zenituzke ezagutzen dituzun hamar zuhaitz espezie?". Hogei ikasletik hiruzpalau baino ez dira gai izan hamarreko zerrenda osatzeko.

Askotan esana da zerbait maitatzeko lehenik eta behin ezagutu egin behar dela. Harri eta zur geratu izan naiz ikasleekin, inguruan ditugun mendiei, auzoei, errekei eta abarrei buruz jardun dugunean edota izaki bizidunei buruz galdetzean. Aipatzen dituzten erreferentzietako gehienak telebistan, gailuetan edo liburuetan ikusi izan dituztenak dira. Gutxi batzuek aipatzen dituzte inguruko basoetan eta mendietan ditugunak, etxetik gertu ditugunak; ezagunagoak egin beharko litzaizkigukeenak?

Adituen esanetan, ona eta osasungarria omen da naturarekin kontaktua izatea, baita osasunarentzat ere. Nik guztiz logikoa deritzot, gizakia naturaren parte dela sentitzen baitut, beste izaki bizidun guztien moduan. Ondorioz, ez ote da gure jatorria edo berezko eremua?

Naturarekiko dugun lotura zuzena ezkutuan dagoela dirudi; ez dut uste on egiten digunik

Orain ez asko, bizimoduak naturarekin kontaktu zuzenagoa zuenean, esango nuke argiago zutela naturarekin izan behar den harreman horren garrantzia zer-nolakoa den, beharra bezalakorik ez baita ikasteko. Zuhaitz ezberdinak ezagutu ez ezik, bakoitzak zer egur ematen zuen, zer txori-habi zituen, zer fruitu eta noiz ematen zituen, zer adin zuten eta non aurki zitzaketen... Eta beste hainbat kontu ere bazekizkiten. Eta ez zuhaitzei buruz bakarrik.

Askotan pentsatu ohi dut herrian dugun inguruneaz jabetzen ote garen; etxetik bertatik oinez abiatu gintezke hainbat mendi eta leku zoragarritara. Ez ote pribilegio bat? Badirudi, gaur egun, naturarekiko dugun lotura zuzena ezkutuan dagoela, eta ez dut uste on egiten digunik. Pribilegio hori ez duten hiri handietako bizimodutik gero eta gertuago gaudelakoan nago, asfaltoz eta etxebizitzaz inguraturik, gailuei so eta presaka biziz, besteak beste.

Atzo bertan, etxeko telebistan dokumental bat ikusten ari ginela, gai honi buruz idaztera ekarri ninduena bota zidan 7 urteko semeak: "Aitatxo, gu naturaren parte bagara, zergatik egiten diogu kalte?". Biologiako irakaslea izanagatik, erantzuna ez zitzaidan batere erraza egin.

Gelan landuko dudan hurrengo unitatea prestatzen ari naizen honetan, ikasleei gertutik bizitzen ari garen gai bat proposatuko diet: eolikoen afera gure eskualdean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide