Arnasgunean arnasestuka

Erabiltzailearen aurpegia Ioritz Gonzalez Lertxundi 2022ko uzt. 26a, 15:14

Ioritz Gonzalezek uztaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Arnasgunean arnasestuka'.

Azken egunotan, euskararen ezagutzaren eta erabileraren inguruko hainbat aburu entzuteko parada izan dugu hedabideetan. Herrian bertan neuk dudan sentipena azaldu nahiko nuke: azken urteotan, hizkuntzaren erabileran joera aldaketak sumatu ditut, eta ez dira izan euskararen onerako, zoritxarrez. Neure pertzepzioa da, baina nik uste badugula kezkatuta egoteko arrazoirik.

Euskal Soziolinguistika Klusterrak bost urtero egiten duen hizkuntzen kale erabileraren neurketaren emaitzak aurkeztu ditu. Ikerketaren arabera, Euskal Herrian zortzi pertsonatik bat aritzen da euskaraz (%12,6). Datu hori 2016ko berbera da; azken bost urteotan, beraz, orokorrean, ez da gorabeherarik izan euskararen kale erabileran.

Pentsa genezake euskararen erabilerak bere horretan dirauela, baina neurketaren emaitzak lurraldeka behatuz gero, ondorioak bestelakoak izan daitezke: Gipuzkoan erabiltzen da gehien euskara (%30,6), baina puntu erdi egin du behera 2016tik.

Eta gure herria joera horretatik at al dago? Ez naiz ni baikorra. Klusterraren ikerketak honako hau ere badio: "Eremu euskaldunenetan erabilerak behera egin du. Herri ertainak eta txikiak dira eremu horretakoak. Biziberritze prozesurako interes estrategikoa dute euskaldun dentsitate handiko eremuek, bertan euskara modu naturalean transmititzen, birsortzen eta elikatzen baita. Arretaz jarraitu beharrekoak dira udalerri horietan hizkuntzaren bizi indarrari eragiten dioten faktoreetan gertatzen diren aldaketak: ingurunean bertan bizi proiektu bideragarriak garatzeko aukerak, hirigintza proiektuen eragina, barne –eta kanpo– migrazio fenomenoak...".

Badirudi gure herrietako euskaldunen ezaugarriak aldatu egin direla, erdararen sarbidea areagotu egin dela... Eta horrek guztiak zuzeneko eragina du hizkuntza jardunean. Libe Mimenza eta Josu Amezaga Euskal Hedabideen Behatokiko kideak Legebiltzarrean aritu ziren egoerari buruz: "Gazteak hedabide tradizionaletatik ihes egiten ari dira oso modu arinean. Kazetaritzan ez bezala, egiaren baliorik ez dago Interneteko komunikazioan (sare sozialak, aplikazioak...)". Behatokiko adituek adierazi zuten egun gazte askok ez dutela Euskal Herrian egoitza duen komunikabiderik kontsumitzen; 14-20 urte arteko gazteen %69k ez diete Euskal Herriko hedabideei so egiten (%44koa zen duela 25 urte). Adi jarraitzeko gaia dela diote.

Kezkaturik egoteko arrazoiak, beraz, ez dut uste neure sentipen hutsak direnik. Ramon Saizarbitoriak duela gutxi esandakoa da: "Estatistikek diotenez, sekula ez da hainbeste jende izan euskara jakin eta erabiltzen ez duena".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide