Ni ez naiz Thyssen baronesa

Irene Elortzak apirileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: 'Ni ez naiz Thyssen baronesa'.

Kasualitatez jakin dut Goiko Kalen dauzkagun hainbat arazori erantzuteko lanari berrekin diotela udalean. Bizilagunen eskaeretako bat –nagusia dena, bestalde– trafikoari eta mugikortasunari dagokio. Saihesbidea badagoen arren, trafiko handia pairatzen dugu aipatu kalean eta, hori dela eta, bertako espaloiak barandekin mugatuta daude. Segurtasuna bermatzeko hartutako erabaki urbanistiko horrek, baina, baditu ondorioak: zamalanak arauak hautsi gabe egitea ezinezkoa da; anbulantziek ezin dituzte gaixoak etxe parean jaso eta utzi; espaloiak garbitzeko makinak ez dira kabitzen; eta abar...

Kalea erdi oinezkotzea edo trafikoari txandakako bidea ematea ez omen da soluzio ona, eta udaleko norbaitek honako ideia eduki omen du: San Frantzisko edo Bakardadeko elizatxoa zegoen zabalgunetxoan (Kale Nagusia 3-5 parean, hirigune historikoan, beraz) zamalanak egin ahal izateko bi toki jartzea. Bat, ez; bi. Eta horretarako zuhaitz bat traban omen dago, eta kendu egin beharko dute. Garai batean ermita zegoen leku horretan bi zuhaitz daude gaur egun, baita harrizko eta egurrezko eserleku bana ere. Garrantzirik gabeko leku pobrea irudi dezake, baina lehendik ere prekarizatu eta abandonatu samar dagoen kale batentzat lasai egoteko txoko bat izatea ez da gutxi. Gainera, aurreko espaloian justu, badago beste zabalgune bat zamalanak egiteko aproposa dena eta arbolak akabatu gabe erabil daitekeena. Izan ere, piboteak egon arren, zamalanetarako leku gisa erabili ohi da, betidanik.

Eskarmentuak esaten dit kentzen diren zuhaitzak betiko desagertzen direla

Hala ere, proiektu(txo)ak aurrera egin eta aipatu txokoa zatartu, txikitu eta autoen mesederako sakrifikatuko dutenaren beldur naiz. Eta askok pentsatuko dute arbola baten gorabeheran ez dagoela alderik, edo beste nonbaitera aldatuko dutela edo berri bat landatuko dutela hortik gertu... Baina eskarmentuak esaten dit kentzen diren zuhaitzak betiko desagertzen direla, eta gure herrian (udalean?) sentsibilitate gutxi dagoela gaiarekiko. Horren adibide garbia ikus daiteke gure kalearen atzealdean bertan. Zaborrontziekin batera erre zen zuhaitza kendu bai, baina berehala estali zutelako txorkoa, arbola berriren bat jartzeko intentziorik ez dagoela argi erakutsiz. Eta horrela goaz aurrera, gure zuhaitz ondarea sakrifikatuz eta, bide batez, erabilera pribatuko terrazak sustatuz kaleak eguzkitako handiz betetzen ditugun bitartean. Keler, Coca-Cola, Alhambra. Zuhaitzen izenik apenas dakigun, baina marka komertzialen izenak ederki askorik barneratu ditugu, ikustearen poderioz.

Ni ez naiz Thyssen baronesa, baina ez dakit zer egingo dudan gure kaleko zuhaitza moztera etortzen badira... Abokatuekin hitz egin beharko dut.