Bakarrik

Erabiltzailearen aurpegia Irene Elortza 2023ko uzt. 19a, 08:46

Irene Elorzak ekaineko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Bakarrik'.

Ez dakit nola gertatu den. Ez dut gogoratzen. Baina hemen nago, hilda, tanatorio triste honetan etzanda, eta inor ez dator ni ikustera. Harri eta zur (eta hoztuta) nago. Atzoko egunaz ondo gogoratzen naiz, baina bukaerak kale egiten dit. Ezin gogoratu. Filmekin ere beti gertatu izan zait. Ikusi eta denbora batera kontatzen hasi eta amaierarekin ezin akordatu. Interesa galtzen joaten naiz, nonbait.

Baina goaz atzoko egunera: beti bezala esnatu nintzen eta gosaltzen hasi orduko mugikorra ezkerreko eskuarekin ondo heldu eta korreoa eta sare sozialak errepasatzen hasi nintzen. Telelanean hasteko ordubete falta bazen ere, ordenagailua piztu nuen segidan, bestelako gestio batzuk egin behar bainituen. Bankuko aplikazioan sartu nintzen transferentzia bat egiteko. Urteak dira bankuko bulegoa zapaltzen ez dudala, a zer pagotxa! Ondoren, autoaren azterketa teknikorako txanda hartu nuen, nik aukeratutako egunean eta orduan. Erraz. Asteko erosketa egiteko nahikoa denbora banuela ikusita, online supermerkatura sartu nintzen eta erosketa etxera ekarri ahal izateko kopurura iritsi arteko ohiko produktuak pilatu nituen karro birtualean. Zeinen eroso bizi naizen kutxazainen zain ilaran egon gabe erosten dudanetik!

Osakidetzatik deituko zidatela gogoratu nuen, kontsulta telefonikoa lortu bainuen herenegun. "Auskalo noiz deitzen didaten", pentsatu nuen, "goizean zehar etxetik irteteko intentziorik ez dudanez, berdin zait". Lanari ekin nion. Zazpi ordu nituen aurretik, bazkaldu baino lehen. Eguerdi aldera telefono finko batetik deia jaso nuen. Medikua. Eman zidan emaitzen berri, azaldu nion egungo nire egoera eta errezeta elektronikoa egin zidan di-da batean. Nire karpeta birtualean aurkituko nuen informazio guztia.

Zeinen eroso bizi naizen kutxazainen zain ilaran egon gabe erosten dudanetik!

Arratsalde partean pare bat errekadu egitera atera nintzen kalera. Igogailuan garajeko botoiari sakatu orduko, ahots batek "cierre de puertas" esan zidan. Autoari gasolina bota nion supermerkatuko auto-zerbitzu gasolindegian: "Ha repostado usted gasoil". Saltokiaren atarian dagoen kafe makinan Cortado aukeratu eta "gracias" entzun nuen. Kiroldegira joan nintzen ondoren. Bertan dagoen errolda ateratzeko makinari bisita egin nion, Ogasunak dokumentu hori eskatu didalako. Ideia oso ona iruditzen zait norberak errolda ateratzeko aukera ematea herritarrei. Gimnasioan sartu nintzen, soinuezeztatzailea duten aurikularrak jantzi nituen eta ordubete eman nuen izerdia botatzen. Zorionekoa ni, ez nuen inorekin kointziditu dutxan.

Atzera etxean, afaria prestatzeko nekatuegi nengoela sentitu nuen. Glovo bat egingo nuela erabaki, aplikazioan sartu eta handik ordu erdira afari japoniar osasuntsu baten aurrean nengoen. Handik aurrera gertatu zenarekin ez naiz akordatzen. Eta orain hemen nago, bakarrik... Hara! Nola ordainduko diet ehorztetxekoei? Bizuma edukiko al dute?

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide