Segurtasun tartea

Erabiltzailearen aurpegia Irene Elortza 2020ko ira. 8a, 08:00
'Txanogorritxotik otso emera (sei mutil medio)' antzezlana. Argazkia: (Arriaga antzokia)

Irene Elorza Gereñok abuztuko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Segurtasun tartea'.

Aparkalekura iritsi gara, autoa utzi dugu eta kalera atera gara. Antzokia parean daukagu, beti bezain dotore. Itzela. Jende gutxi dago atarian. Hamabost minutu falta dira emanaldirako. Arraroa da.

Musukoa jantzita, auskalo zerekin bustitako alfonbra berezi bat ondo zapaldu zapata-zolekin, eskuetan hidrogela bota arteko pakerik ez duen langilearen langa igaro, eta sartu gara Victoria Eugenia antzokira. Azkenean.

Txantxarrak jota bezala dago antzokia: besaulki bikoitiak kendu dituzte. Aulki bakoitzaren ondoan zuloa, tartea, hutsunea. Segurtasun distantzia esaten diote orain horri. Laguna, tartea, ni, tartea, ikusle bat, tartea, haren laguna, tartea. Segurtasunez inguratuta gaude. Ederki.

Ikustera goazen emanaldiari buruzko eskuorririk ez digute eman. Garai txarrak bildumazaleentzat eta diogenestarrentzat. Sarrera ere neuk inprimitutakoa daukat eskuetan. Aitziber Garmendia ageri da bertan, Txanogorritxo jantzita. Marta Gonzalez de Vegak idatzi eta Fernando Bernuesek zuzendutako Txanogorritxotik otso emera (sei mutil medio) monologoa ikustera/entzutera etorri gara. Iaz ere egon zen antzezlana Victoria Eugenian ikusteko aukera, baina sarrera guztiak berehala saldu ziren. Ondorioz, urtebete zain egon behar izan dugu antzezlanaz gozatzeko. Oraingoan ere bost egunez bete (erdibete?) omen du antzokia aktore zaldibiarrak.

Maitasunaren patetismoaz eta hura gainditzeko errezeta sinpleaz ari zaigu Garmendia agertokiaren gainetik. Eta lehendabiziko minututik 80.era algaraka jarri du entzuleria. Edozeinek ikusten du bere burua islatuta antzezlanean planteatzen diren egoeretan eta bizipenetan. Bizi-penetan eta bizi-pozetan. Izan ere, monologoaren leziorik inportanteena hauxe da: umoreak bakarrik salbatuko gaitu. Geure buruaz eta inguruaz barre egiten ikasten dugunean bukatzen da drama. Edo, behintzat, distantzia hartzen hasten gara, eta keinu horrek guztia aldatzen du. Kutsakorra da umorea, baina, aldi berean, benetako segurtasun distantzia da umorea. Aktore onenak komedianteak direla berretsita atera gara antzokitik.

Aparkalekura jaitsi eta makinaruntz joan gara, ordaintzera. Dirua irentsiko digun makinako botoiak lasai ukitu ditzaket. Ez omen da kutsakorra.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide