Nor zoriondu behar da?

Erabiltzailearen aurpegia Irene Elortza 2018ko aza. 1a, 09:18

«Zortzi urtez indarrean egon ostean, gaur amaitu da Greziako erreskate programa, ARRAKASTA handiz, gainera.» Abuztuaren 20a da, seguruenik jende gutxi ariko da ETBko eguerdiko Gaur Egun albistegia ikusten. Bideoaren aurretik, aurkezleak ere hitz horixe erabili du, arrakasta, eta horregatik geratu naiz adi-adi begira.

Honela jarraitu du piezak: «Programaren arduradunek azaldu dute herrialdeak erreformekin jarraitu behar duela ekonomia berriztatze aldera. Greziako gobernuak erabakiak hartzeko ahalmena berreskuratu du, batez ere ekonomiari dagokionez. Baina hartzekodunek kontuak gainbegiratuko dituzte hiru hilabetean behin. Zortzi urtez zaintzapean aritu dira, baina orain garai berri bati eman diote hasiera, merkatuetara bueltatuta». Ondo da. Ea ulertu dudan. Greziako gobernuak «batez ere ekonomiari dagokionez» berreskuratu baditu ahalmenak, horrek esan nahi du ez dituela lehen zituen ahalmen guztiak berreskuratu, ezta? Eta hiru hilabetean behin gainbegiratu behar badizkiote (nortzuek? horretaz ari garela…), ez du autonomia osoa izango aurrerantzean. Baina horretan esperientzia badute; bestela, zer arraio esan nahi du «zortzi urtez zaintzapean» esapideak?

Baina dena ez dago galduta, ETBko kazetari horiek enpatia apur bat erakutsi dute segidan: «Zortzi urte hauek ez dira errazak izan greziarrentzat» dio bideoak: «murrizketak pentsioetan, BEZaren igoera, soldaten izozketa, murrizketak osasun publikoan… Horiek urte hauetan hartu dituzten erabakietako batzuk». Erabaki horiek nortzuek hartu dituzten jakiteko gogoarekin geratu naiz. Greziarrek? Bertako ekonomia interbenituta eduki duten Europako (eta gainontzeko) erakundeek? Nor da ARRAKASTAren erantzulea? Nor zoriondu behar da?

Bideoa bukatzeko, Europako Batzordeko Ekonomia eta Finantza Gaietarako komisario Pierre Moscoviciren hitzak birritan entzun ditugu. Oraindik zain nago Greziako gobernuko ordezkariren bat entzungo al dudan, edo, are exotikoagoa dirudiena, greziar herritarren ahotsik jasoko al duen piezak. Halaxe dio off ahotsak: «Europak greziarren alde lanean jarraituko duela azpimarratu du Pierre Moscovicik. Mezu argi bat eman nahi izan die greziarrei». Eta, jarraian, Moscovici agertzen da ingelesez zera esaten: «Europe will continue to work with you and for you». Eta mehatxu kutsua hartu diot nik.

Twitterrera jo eta gaiaz zerbait dakien baten hitzak irakurri ditut biharamunean: «Atzo, munduko hedabideek greziar austeritatearen bukaera ospatzen zuten bitartean, 32 urteko austeritate zorrotza eta iraunkorra hasi zen Greziarentzat». Yanis Varoufakisen txioa da. Eta zera gehitu du, egunen batean albiste hori kazetaritza fakultateetan aztertu beharko dela botereak kontsentsua fabrikatzeko duen gaitasun erabatekoaren adibide gisa.

Maxixatzenerako testu hau idazten ari naizen bitartean Euskadi Irratia entzuten ari naiz (gure irrati eta telebista publikoaren kontsumitzaile?... jarraitzaile?... erabiltzaile?... ordaintzaile? naizelako). Aurrezki kutxa baten iragarkia entzun dut, egunero bezala: «Inoiz ez zara erabakitzeko horren aske izan. Hipoteka erosoa: ordaintzeko eguna erabaki eta modua eta kopurua alda dezakezu». Albistegia hasi da eta esatariak efemeride bat ekarri digu gogora: hamar urte igaro dira Lehman Brothers hondoratu eta ditxosozko “krisia” hasi z(ut)enetik. Hori bai ARRAKASTA!!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide