Erdaltegiak

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Elezgarai 2024ko urt. 26a, 15:03

Imanol Elezgaraik urtarrileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: 'Erdaltegiak'.

Istorio hau 1983an hasten da, egun indarrean dauden hezkuntza ereduen ezarpenarekin. Interes guztiak asetzeko ezarritako neurria, alajaina: El modelo A, non irakasgai guztiak gaztelaniaz eskaintzen diren eta euskara atzerriko hizkuntza bat gehiago den, ingelesa edo frantsesaren pare, kasurik onenetan. B eredua, ni mucho ni poco, erdia gaztelaniaz eta bestea euskaraz irakatsiz (eskola gidetan behintzat). D eredua, azkenik; non, hala beharko luke behintzat, irakaskuntzako transmisio hizkuntza euskara den. Hara nola, magiaren edo fedearen poderioz edo, 1983ko lege hark ziurtzat ematen zuen hiru ereduetako ikasleak gai izango zirela eskolatik EAEko bi hizkuntza ofizialetan "trebatuta" ateratzeko.

Ostera, 40 urteren poderioz argi ikusi da, kontuz, gaztelaniaz eskaintzen den hezkuntzak ez duela euskalduntzen. Eta hara non, Eusko Legebiltzarrean beste 40 urterako eztabaidatzen ari diren Hezkuntza Lege berriak ereduok mantenduko dituen. Nola da posible euskalduntzea mugarri behar duen legeak etorkizuneko ehunka milaka euskal herritar erdaltegi modura funtzionatzen duten ikastetxeetara kondenatzea?

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide