Errematea

Deserria

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Elezgarai 2021ko aza. 24a, 10:23

Imanol Elezgaraik azaroko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Deserria'.

Aitortza bat egin beharrean nago. Aspertuta nagoenean, Google maps-en itsasoaren erdian galdurik dauden irlatxoak bilatzen jarduten dut noizbehinka. Argazkiak ikusiz, eta bizitza bertan nolakoa izango den imajinatuz. Arratsalde txepel batean Tristan da Cunha irlarekin egin nuen topo. 244 biztanle baino ez ditu, beste pertsona batengandik 2.173 kilometrotara bizi direnak. Mundutik urrunen dagoen lekua da Tristan da Cunha irla.

Testu hau argitaratzerako bi hilabete pasatxo izango dira Oslora etorri nintzela, Norvegiako hiriburura, doktoregoa egiteko ikerketa egonaldi bat egitera. Hiriburu hotz baina abegitsu bat aurkitu dut Oslon, baina hala ere, batzuetan ezin dut alde batera utzi halako inguru galduren batean egotearen sentsazioa. Ez-leku baten sentitzen naiz.

Ehunka milaka pertsonez inguratuta nago hiriburu honetan, baina, aldi berean, bakarrik. Familia, lagun eta gertukoengandik bi mila kilometrora aurkitzen naiz. Uneren batean irudiren batek, usain batek, telefonoaren bestaldeko ahotsak edo espero gabeko Whatsapp mezu horrek, segundo batez, etxeratzen zaituen arte.

Eta dena ulertzen duzu: ez da non; norekin baizik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide