Tinder

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Elezgarai 2021ko abu. 7a, 08:45

Imanol Elezgaraik uztaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Tinder'.

Oraintsu, ezagun batek kontatu zidan etxe-aldaketa batean, bere logela berrian metro eta laurogeiko panpina bat topatu zuela ohe gainean. "Hau eta ni ez gara ohe berean kabitzen", esan omen zion bere pisukide berria zenari broma artean. Konfinamenduan, jiu-jitsu egiten zuela-eta panpina inguratu ei zuen berarekin praktikatzeko. "Pertsonekin baino errazagoa da; nahi dudanean praktikatzen dut, eta ez dut min emango diodanaren beldurrik". Panpina trastelekura eraman zezan esan, eta arazoa konponduta.

Azkenaldian, modan dauden ligatzeko sakelako telefonoetako aplikazioetako bat erabiltzean, panpina hori izatearen sentsazioa izan dut. Elkarrizketa hutsalak, topikoen trukea, gauetik goizera desagertzen diren pertsonak... Pantailak emandako segurtasun faltsuak erantzukizun afektiboa alde batera uztera garamatza. Aplikazio bat izango da, baina algoritmoaren bi ertzetan daudenak pertsona emozionalak dira. Une deserosoak ekiditearren –nola esan beste bati ez dela nahikoa zuretzat– errazera jotzen dugu. Aitzakietara, isiltasunera, desagertzera. Panpinak bagina bezala. Mina, hutsunea, beldurra, frustrazioa... sentituko ez bagenitu bezala.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide