Erdaraldiko txapa

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Elezgarai 2021ko ots. 9a, 08:55

Imanol Elezgaraik urtarrileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Erdaraldiko txapa'.

Nuklearrik ez pegatak, feminismoaren txapa moreak edo Bai euskarari kartelak, kasu, besteek gugan ikustea nahiko genukeena transmititzen dute: ekologistak gara, emakumeen askapena dugu ardatz, edo euskararen erabilera aldarrikatzen dugu. Baina, esana (edo erakutsia) da erraz eta egina garratz. Oraintsu amaitu da bigarren Euskaraldia, milaka parte hartzailerekin. Herrian bi milatik gora egon izana zoriontzekoa da; hala ere, txaparen atzean dagoen guztia ez da ona.

Euskaraldiak badu ospakizunetik, euskararen komunitatearen berrindartze ariketatik, beharrezkoak biak ere. Alabaina, aurrerapausoak bultzatzeko aukera -eta ardura- dutenek prestu janzten dituzte txapak, behin Euskaraldia pasatuta, egin beharrekoak egin balituzte bezala, amaigabeko erdaraldira itzultzeko. Bada, festaz gain bestelakoak nahiko nituzke nik erdaraldi honetarako: esaterako, euskara ikasteko doakotasuna, osotasunean euskaraz emango eta zabalduko den hezkuntza sistema, edo gaztelaniazko katearen sukurtsala ez den euskal telebista publikoa. Euskararen bultzadarako ikaragarrizko aurrerapausoak lirateke; baina ez dira txapa batean kabitzen, hori hala da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide