Irabazleetaz

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Antsorregi Dierez 2021ko uzt. 12a, 08:16
Jon Plazaola, 'Irabazi' antzezlanean

Iñigo Antsorregik ekaineko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Irabazleetaz'.

Artikulu hau idatzi baino egun bat lehenago, Jon Plazaola aktorearen Irabazi antzezlana ikusi nuen. Eta utzidazue spoiler txiki bat egiten: irabazleak bertara joandako ikusleak izan ginen.

Maite dut umorea, bai kontsumitzea baita egitea ere. Baina kontuz, errealitatez betetako zaplastekoak ematen dakien umorea dut gustukoena; txiste errazei uko egin eta ikus-entzulea espero ez zuen lekura eta hausnarketetara eramaten duen umore hori. Askotan uste dugu drama generoa kontu serioetaz hitz egiteko bakarrik erabil daitekeela. Ez nago eta ez naiz inoiz ados egongo esaldi horrekin. Uste dut umorea metodo askoz eraginkorragoa dela horretan. Espainolez esaten den bezala: primero la caricia y luego la ostia. Baina horretarako ona izan behar da. Zorionez, Jon Plazaola bikaina da.

Irabazi lanean konpetizioaz hitz egiten digu, irabazleez eta galtzaileetaz. Kirol munduan hasi arren, eguneroko bizitzan amaitzen duen konpetizioa. Gizakion alderdi ilun asko ateratzen ditu argitara Plazaolak. Eta neuk gizon gisa asko eskertu dut horrelako pertsonaia gizonezko bat. Etengabe lehian bizi den jendeari buruz hitz egiten digu urretxuarrak, enpatia pizten diguten galtzaileetaz edota irabazleei diegun inbidiaz. Ezinezkoa da identifikatuta ez sentitzea Felix pertsonaiarekin. Lehen esan bezala, delako lehia ez delako bakarrik kirol mundura mugatzen. Denok izan dugulako eskutik ihes egin digun lanposturen bat edota nota hobeak atera dituen ikaskide bat. Eta hori horrela izan denean, denok sufritu ditugu galtzaile izatearen lotsak edota irabazleen partetik iritsi zaizkigun esaldi paternalistak eta tuntunak.

Eta "etziok potroik!", "ze apostatzek?" edota "gizonak hala beher dik!" gisako esaldiak entzuteaz kokoteraino dagoen gizon moduan, Felix bezalako pertsonaiak haize freskoa dira niretzat. Ez bakarrik "galtzailea" delako eta enpatizatzeko errazagoa delako, pertsonalki edozein kultur hedabidek aurkezten digun "irabazleaz" (denetan indartsuena den, dena dakien eta dena ondo egiten duen gizon hori) kokoteraino nagoelako baizik. Hasteko eta behin, “irabazle” horrek ez duelako existitzen. Eta amaitzeko, existituko balu ere, gutxiengoa izateaz gain, aspergarria litzatekelako. Bizitza ez delako lehia bakarrik. Askotan ez dago lehena izan beharrik zerbaitetaz gozatzeko. Bidea egitea ederra da. Kitto.

Maxixatzenen (momentuz, behintzat) idatziko dudan azken artikulua duzue hau. Bizitzako une hauetan, iritzi artikuluak idazteari dagokionez behintzat, ez dut ezer askorik eta onik emateko. Beraz, nire lekua hobeto egingo duen norbaiti uztea erabaki dut (Ikusten? Ez dago konpetiziorik hemen).

Amaitzeko, eta Jon Plazaola lagunaren inguruan idatzi dudanez, gainontzeko lagun kultur eragile guztiei besarkada bat bidali nahi nieke, garai zakar hauetan istorioak kontatzeko egiten ari diren esfortzu paregabeagatik.

Besarkada bat eta hortik ikusiko dugu elkar!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide