(Ton) Tonbola

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Antsorregi Dierez 2020ko abu. 7a, 09:02
(Argazkia: Aiora Larrañaga Solabarrieta)

Iñigo Antsorregi Dierezek uztaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako kultur iritzi artikulua: '(Ton) Tonbola'.

Lander Garrok primeran kontatzen zuen aurrekoan: Nacho Vigalondoren film laburra Oscar sarietan izendatua izan zenean, Eusko Jaurlaritzak diru gehiago jarri zuen Miren Azkarate Los Angeleseko sarietara bidaltzeko, zinema zuzendariaren lana finantziatzeko baino. Ederra panorama, ezta?

Gauzak asko aldatu dira ordutik. Aldatu eta okertu, esango nuke… "Titiriteroen" bizitza zaila izan bada beti, zer esanik ez gaur egungo egoeran.

Pandemia honek guztiok etxean itxi gintuenean, jendea kultura kontsumitzen hasi zen etengabe. Kultur eragile guztiok gure sormenak partekatzeari ekin genion, ia denok musu truk gainera (egon dira kultur areto birtualak ere, baina barkatuko didazue… Horien esklusibitateaz beste egunen batean hitz egingo dugu). Bat-batean gure lana estimatua zela ikusi genuen eta, nire barruan behintzat, hemendik aurrera egiten duguna gehiago estimatzen hasiko zelakoan nengoen. Ja!

Maiatzaren 11ko albistea: "Eusko Jaurlaritzak zozketa bidez erabakiko du kulturgileen eskaerak zer ordenatan aztertu. Eskaera bakoitzari zenbaki bat emango diote, eta zozketa bidez erabakiko dute zer ordenari jarraitu eskaerak aztertzeko. Baldintzak betetzen dituztenei emango dizkiete laguntzak, diru poltsa bukatu arte. Bihar zabalduko da epea laguntzak eskatzeko".

Etxebizitzak zozkatzen dituzte; orain, arlo profesional baten duintasuna, bizi baldintzak eta eskubideak ere bai. Ederra datorkigu gainera…

Betiko istorioan aurkitzen gara, baina kasu honetan ez da fikzioa. Ez da Vaya Semanitako sketx bat, nahiz eta premisak hala dirudien. Behin eta berriz kolpatzen gaituen errealitatea da: traje berri eta garbidun jauntxo eta anderetxoek beraien apurrak partekatzen dituzte gurekin eta guk, herritar zintzook, eskertuta agertu behar dugu. Ez dezagun ahaztu: lanbide (horrela deitu ahal bazaio, noski. Eskolatik esan zaigu benetako lan bat aukeratu behar dugula) zaila da gurea, eta aukera gutxi ditugu. Beraz, dagoenarekin konformatu behar. Kaka zaharra!

Aldaketa erradikal bat behar dugu eta hori guztion esku dago, ez agintarien gain bakarrik. Pauso nahiko garrantzitsua izan daiteke zure lagun kultur eragileari bere ekitaldirako sarrera, bere diskoa, bere liburua eta abar doan ez eskatzea. Baloratu bere lana. Hau da… nik nire etxea margotu nahi badut, ez diot nire lagun pintoreari doan egiteko eskatuko. Edo horrela ikusten dut nik behintzat… Eta kulturarekin berdin.

Agintariei dagokienez, eta Kataluniarekin konparazioak egitea hainbeste atsegin dutenez, hona hemen beste datu bat: Kataluniako gobernuak zortzi milioi bideratu ditu kulturara COVID- 19aren kalteak arintzeko.

Zaindu kultura, diot berriro. Badakit kulturak askori beldurra ematen diela, beti izan baitu trebezia kulturak gizarte nartzisista honetako jokabide hipokrita asko salatzeko. Baina kulturarik gabeko herri bat kondenatua dago ezjakintasunera.

Eutsi!

PD: Oso neurri ederra eta dibertigarria da auto berria erosteko dirulaguntzak bikoiztearena. “Euskadi berdea” ederra ari zaizue gelditzen…

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide