Palma olioa

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Albizuri Alkorta 2017ko eka. 13a, 09:44

Palma olioa Elaeis guineensis palmondoaren fruitutik ateratako olioa da, eta orain dela 5.000 urtetik erabili izan da Afrikan. Gaur egun, eskaera handia dela eta, Asiako hego-ekialdera zabaldu da haren ekoizpena, Malaysiara eta Indonesiara bereziki; herrialde horiek dira egungo bi ekoizle handienak.

Palma olioa bi eratakoa izan daiteke: palma gorria (findu gabea) eta palma olio findua.

Palma gorriak ezaugarri on ugari ditu: betakarotenoan aberatsa da, eta E bitamina (antioxidatzailea) eta A bitamina ere baditu. Horrez gain, gantz aseen portzentaje handiena duen olioa da, eta, horregatik, oxidazio zailena dauka. Hori dela eta, janariak frijitzeko aproposa da, berezko ezaugarriak gutxien galtzen dituen olioa baita beste olio begetalekin alderatuta.

Hori horrela, kontuan izan behar da palma gorriaren olioa oinarrizko elikagaia dela Afrikan, Mediterraneoan findu gabeko oliba olioa oinarrizkoa den bezalaxe. Izan ere, palma gorriaren olioak A bitamina ugari du beste ezaugarri batzuen artean, eta oso egokia eta aproposa da, herri txiroetan bizi diren eta desnutrizio arazoak dituzten haurren elikadurari bitamina ugari gehitzen dizkiolako.

Gaur egun, palma olioaren ekoizpenari egozten zaio deforestazioaren arazoa, baina hori ez da olio honen ondorio zuzena, industrializazioarena baizik, izan badira eta palma olioaren ekoizpen jasangarriak, Kolonbian kasurako.

Beste kontu bat da palma olio finduaren gaia: oso merkea eta ugaria da, eta hainbat industriatan erabiltzen da, hala nola elikadura industrian, kosmetikan eta abarretan. Gaur egun egin eta zabaldu diren ikerketak horri buruzkoak izan dira, eta, EFSAk esaten duenez, glicicol substantzia da minbizia sor dezakeen substantzia. Substantzia hori edozein olio begetaletan sortzen da askotan (palma olioan, ekilore olioan…), baita olioa 200 gradutan baino gehiagotan berotzen badugu ere.

Esan daiteke ikerketan oso era desorekatuan eta sentsazionalistan eman dela berria, soilik produktuaren alde txarra erakutsiz. Baina kontuan hartu behar dugu alde txar horiek olio finduak baino ez dituela, lehen aipatu bezala; izan ere, palma gorriak (findu gabeak) A bitamina ugari, ezaugarri antioxidatzaileak, ezaugarri kardiobaskular babesgarriak eta beste dauzka.

Hausnartzera gonbidatzen zaituztegu: zer izango da palma olioa daramaten produktuen okerrena? Olioa, produktu findua izatea, duten azukre kantitatea, daramaten koloragarria…

Azkenik, eta bukatzeko, esan behar da egokiena bertako produktua dela, egunerokoa eta sasoikoa, ahal dela findu gabea eta kalitatezkoa. ON EGIN!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide