Gorka Alkorta: 'Aniztasuna da Chicagoko bizimodutik gehien atsegin dudana; hain ezberdinak eta hain berdinak gara denok!'

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Alberdi 2015ko abu. 10a, 10:09
Gorka, Maitane eta Amets, Chicagoko parke batean.

Bostonera ikastera, lehendabizi, eta Chicagora lanera, ondoren. Biokimika eta Biologia Molekularrean lizentziaduna eta giza genetikan doktorea, 2003tik Chicagoko Unibertsitatean ari da lanean Gorka Alkorta (Azkoitia, 1980), ikertzaile modura. Maitane Arruabarrena bikotekide azpeitiarrarekin eta Amets alabarekin bizi da AEBn.

 

Noiz eta nolatan joan zinen Chicagora?

Leioan Biokimika eta Biologia Molekularreko ikasketak egiten ari nintzela, hiru hilabeterako Bostongo Massachussets Institute of Technology (MIT) unibertsitatera joateko aukera izan nuen, Huntington gaixotasuna ikertzen duen giza genetikako laborategi batera. Han zabaldu zitzaizkidan Chicagora etortzeko ateak. Leioako ikasketak amaitu ostean, Bostonera joan ginen bueltan Maitane bikotekidea eta biok. Hiru urtez Bostongo laborategian giza genetikako ikerketa lanetan ibiltzeak kurrikulumari astindutxo bat eman eta AEBn doktore tesia egiteko aukera zabaldu zidan. Hainbat unibertsitatetan elkarrizketak egin zizkidaten, eta Chicagoko Unibertsitatera etortzeko erabakia hartu genuen, giza genetikako departamenduak bai ikerketan eta baita hezkuntza mailan ere duen izenagatik.

Zein da zehatz zure ikerketa esparrua?

EHUn erle eta etxabereen genetika izan nituen aztergai. Bostonen, berriz, Huntington gaixotasunaren genetika aztertzeari ekin nion, Venezuelako Maracaibo lakuko jendea aztertuz. Euskal Herrira ere eraman genuen Huntington gaixotasunaren ikerketa, EHUko Ana Agirre eta Ana Zubiaga irakasleen zuzendaritzapean. Giza talde desberdinek gaixotasun genetiko desberdinak dituzte, baina baita gaitasun desberdinak ere. Horien artean ditugu Himalaian bizi diren sherpak. Sherpak oxigeno gutxiko lekuetan bizitzeko egokituak daude, eta arrazoi genetikoa zein den aurkitu dugu. Horrekin lotuta, Etiopiako Amhara giza taldea ere oxigeno gutxiko ingurunean gu baino abilagoa denez, horien azterketa genetikoa izan zen nire doktoretzako ardatzik nagusiena. Ikerketa atsegin dut, baina ikerketako emaitzek eguneroko bizimoduan izan dezaketen eragin zuzena da gehien atsegin dudana. Gaur egun, Chicagoko Unibertsitateko Diagnostiko Molekularreko laborategian nabil lanean.

Ikertzaile askok hartu duzue atzerrirako bidea

Hala da, bai; asko izan gara kanpora joateko erabakia hartu dugunak. Gehienok kanpoan zer egiten zen ikasteko nahiak bultzatuta, eta benetan merezi duela esatera ausartuko nintzateke. Kanpora joan nintzenean ez nuen uste horrenbeste jende kanpora joaten zenik; baina behin atzerrian zaudela, konturatzen zara zenbat jende dabilen hara eta hona. Ustekabeko politak izaten dira; norabait joan eta Gorka edo Maitane garela esan, eta batzuk harridura aurpegia jarri arren, batzuk “ni Ainhoa naiz Donostiakoa” eta ni “Iker Iruñekoa” esatea polita da.

Euskal Herrian ba al da ikertzaile gazteentzat aukerarik?

Aukerak badira, baina oso gutxi, benetan. Euskal Herria oso ezaguna da ikerketa arlo batzuetan, fisikan adibidez, baina beste batzuetan aukerak urriagoak dira. Giza genetikako arloan ez da ikerketa askorik egiten, baina giza genetika gero eta lotuago dago giza gaixotasunen diagnostikoarekin edota minbizia bezalako gaixotasunen tratamenduarekin. Ondorioz, nahi baino makalago izan arren, arlo horiek ere ari dira lantzen. Nire ustez, osasun arloan ikerketarako aukerak gero eta zabalagoak izango dira datozen urteetan. Dena dela, ikerketara diru gehiago bideratzea ezinbestekoa d. EHU nahiko egoera larrian dago zentzu horretan. Hezkuntzak, orokorrean, diru sarrera jaitsiera nabarmena izan du azken urteetan.

Zer nabarmenduko zenuke Chicagoko bizimodutik?

Hiriburuetan bizi izan gara beti, Bostonen lehenengo eta Chicagon ondoren. Hiriburuetan oso erritmo bizia da nagusi egunero. Gau eta egun, bada beti zerbait. Baina batez ere, lanarekin lotuta duten bizitzeko kultura da nire ustez guk ezagutzen dugun gizarte honen ezaugarri nagusiena, eta, era berean, gutxien atsegin duguna. Opor egun gutxi, eta opor egunak eskatzeko ere bi aldiz ematen diete buruari buelta. Gu unibertsitateekin lotuta bizi izan gara beti. Horrek hezkuntzaren barruan dagoen lehia erakutsi digu eta bizi ere bai. Umeak txiki-txikiak direnetik elkarren arteko lehian jartzen dituzte, baita ikasgeletan ere. Hiru urterako ikasgelan onena denari saria ematen zaio urte amaieran, eta horrela jarraitzen dute hezkuntza osoan zehar.

Bertara lanera edo ikastera etorri garenok ere gurekin ekarri dugu gure aniztasuna, eta horixe da gehien gustatzen zaidan gizarte honen ezaugarria. Oso aberasgarria iruditzen zait hainbat herrialde eta jatorritako jendez inguratuta bizitzea. Kultura eta heziketa molde ezberdinetatik gatozenez, oso interesgarriak izan ohi dira, esaterako, bazkaltzeko orduan japoniar, txinatar, argentinar, errusiar edota italiarren arteko solasaldiak non bukatzen diren ikustea. Hain ezberdinak, baina hain berdinak era berean.

Zeren falta igartze duzu gehien?

Familia eta lagunartearen falta da gehien igartzen duguna. Hemen bikain hartu gaituzte, seme-alabatzat ere bai batzuk, eta baita lagunartean ere. Dena dela, egonkortasuna da gehien falta zaiguna. Jendea asko mugitzen da lana edota ikasketak direla eta; ondorioz, lagunartea bera ere oso mugikorra da.

Familia ere bertan osatu duzue. Alabari  zein hizkuntzatan hitz egiten diozue?

Euskara da Maitane eta biok gure artean erabiltzen dugun hizkuntza, eta Ametsekin ere berdin egiten dugu. Hala ere, lana eta lagunartea dela eta, hiru hizkuntzak erabiltzen ditugu egunik gehienetan. Hori dela eta, Amets hiru hizkuntzetan murgilduta ari da hazten.

Etorkizuna non ikusten duzue?

Herrimina handia da, eta, gure kasuan, bikoitza, biok horkoak garelako, baina, batez ere, Ametsekin guk izandako haurtzaroa eta hemengoena alderatzea suertatu zaigulako. Hangoa hobea da, dudarik gabe. Euskal Herrira itzultzea da helburua; aspalditik ari gara ate joka aukera izpiren bat agertzen den bakoitzean, eta horretantxe jarraituko dugu. AEBra etortzea aukera bikaina izan zen eta izaten ari da orain ere, baina egonaldia uste baino luzeagoa bilakatzen ari da. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide