Haurren jakin-minetik, ikasi eta irakatsi

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Alberdi 2015ko uzt. 15a, 09:26
Argazkian: Irune Agirregabiria Biziloreko ikasleekin, natura bertatik bertara ezagutzen.

Haurrek ikasteko eta ikertzeko duten berezko grina erdigunean jarrita, umeen garapen askean sinesten du Bizilore Familia Elkarteak. Proiektua finkatzen eta mamitzen ari dira Azkoitian.

 

Hiru urteko hausnarketa eta gogoeta prozesu baten ondoren, Bizilore Eskola Libreak 2014ko urtarrilean zabaldu zituen ateak Azkoitian, Bizilore Familia Elkartearen eskutik. Udalak utzita, Bizenta Mogel kaleko 4. zenbakian dute, oraingoz, egoitza, euren premiak hobeto aseko dituen lokal egokiago baten bila dabiltzan arren.

Hiru eta lau urte arteko zazpi ikasle dituzte. Ume bakoitzaren erritmo eta berezitasunak errespetatuz, askatasunez ezagutzak barneratzea dute helburu, erabakiak haurren esku utzita.

Sei urte arte eskolatzea ez da derrigorrezkoa. Adin horretatik aurrerako ikasketak Bizilore bezalako eskola libreetan ez daude homologatuta, baina azken urteotan urra-tsak ematen ari dira, sistema ofizialetik kanpoko hezkuntza ereduak legez onartuak izan daitezen. Euskal Herrian geroz eta gehiago dira eskola libreen aldeko hautua egiten ari diren gurasoak, eta sarea zabaltzen ari da.

Irune Agirregabiria Izagirre (Deba, 1978) irakaslea eta psikomotrizitatean aditua da Biziloreren eragileetako bat. Hezkuntza sistema arautuan hainbat urtez lanean ibilia, ‘hutsune nabarmenak’ ikusten dizkio sistema ofizialari. Bere hitzetan, “hezkuntza konbentzionala kanpotik barrura eta goitik behera dago egituratuta. Egunerokotasunean haurrekin harremanik ez duten politikoak egituratzen dituzte hezkuntzako legeak, helburu jakin batzuekin. Ahalik eta pertsona sumisoenak, pentsamendu kritiko eta sormenik gabeak sortzea da helburua. Gure helburu nagusia horri buelta ematea da; pertsona kritikoak, askeak, autonomoak eta sortzaileak hezi nahi ditugu”.

 

 

Bizilore Eskolan haurra da bere ikasketa prozesuaren gidaria. Ikasteko eta ikertzeko duen berezko grina kanporatuz, ‘kanpotik ezer inposatu eta programatu gabe”, haurrak euren kasa ikasteko gai direla defendatzen dute. Seme-alabei konfiantzaz, maitasunez eta errespetuz ikasteko gune bat eskaintzea da helburua.

Agirregaberiaren iritzian, “hezkuntza konbentzionalean haur guztiek gauza berdina ikasten dute, momentu berdinean, haurrak gai horrekiko interesa duen edo ez begiratu gabe eta bizitzen ari den momentua kontuan hartu gabe”.

Bizitzan oinarritutako irakaskuntza bultzatzen du Bizilorek. Erreferente bat baino gehiagori begirada luzatuta, iturri askotatik edaten dute, metodologia bat baino gehiago uztartuz. Ohiko testu liburuek ez dute lekurik eskola honetan. Ikasten ikasiz, ezagutzak modu naturalean barneratzea da xedea, inposiziorik gabe.

 

Irakasleak, bidelagunak
Irakaslea haurraren bidelaguna da Bizilore Eskola Librean. Bidelagunaren zeregina ikasleen esperientziak bideratzea eta dinamizatzea da, haurrak behatuz eta beraien beharrei erantzunez, umeen berezko erritmoei aurrea hartu gabe. ‘Horretarako, haurrari bere dimentsio guztietan entzuteko gai izan behar du bidelagunak; entzuten, ikusten eta sumatzen duenari esanahia ematen jakin behar du’, nabarmendu du Agirregabiriak.

Eskolako egunerokoa ez dago programatuta, ez dute egunero gaitegi zehatz bat lantzen halabeharrez. Ekimen askeari ematen diote balioa; ume bakoitzak duen ekimenaren arabera aukeratzen du zer ikertu nahi duen, eta horrela, erabakiak hartzera ohituko dela diote. Bidelagunen iritzian, programazio zehatz bat jarraitu behar izateak “zaildu egiten du irakaslea haurrari begira jartzeak, profesionalak burua programazioari begira jartzen baitu, haurraren benetako beharrei erantzun beharrean”. “25 ume gauza bera egiten egon beharrak ez du aniztasuna onartzen. Haur bakoitza ezberdina da, erritmo ezberdina du, interes ezberdinak ditu, ikasteko modu ezberdina”.

Jolasa da euren ikasketa tresna. Ezagutzak barneratzeko modu naturala jolasa dela azpimarratzen dute, eta beraz, une oro jolasean ari dira ikasleak Biziloren. “Jolasa espontaneoa bada, haurraren barneko egiturarekin konektatzen du. Horrek, inteligentzian, pentsamendu sortzailean eta barne antolaketan funtzio oso garrantzitsu bat bete-tzen du”, zehaztu du Agirregabiriak.

Irakaskuntza konbentzionalean haurraren garapena baloratzeko neurgailu gisa erabiltzen diren txostenek edota notek ez dute lekurik Bizilore proiektuan. Eskola honetan ebaluaziorako bide garrantzitsuena “behaketa antolatua eta sistematizatua da”. Ez da inoiz azterketarik egiten, haurrei ez zaie notarik jartzen. Behaketaren bidez, gurasoekin elkarlanean, haurraren “jarraipen zuzena” egiten da.

 

Eskola bat baino askoz gehiago
Bizilore Familia Elkarteak jarri zuen abian proiektua, “hezkuntza sistema konbentzionalak dituen hutsuneei erantzuna” eman nahian. Egun, zazpi familiak osatzen dute elkartea; bizitza prozesuekiko errespetuzko ikuspegia jorratzen dute, adin guztietako herritarrei bideratutako ekimenen bidez.
Ez da eskolara mugatzen Biziloreren eskaintza; atal asko jorratzen ditu, kolore askotakoak, norbanakoaren izaeraren garapen askearen eta harreman osasuntsuen hautua jomugatzat hartuta. Hala, haurdunaldia eta erditzea elkarrekin bizi eta partekatzeko gunea eskaintzen du elkarteak. Guraso eskolak eta profesionalentzako formazioa ere eskain-tzen du. Bestalde, hezkuntza eredu honetan sinesten duten gurasoek euren seme-alabekin aisialdia igarotzeko gunea ere badu elkarteak, beste ekimen askoren artean.

 

 

Proiektu autogestionatua da, eta horrek, egitasmoan parte hartzen duten familien eta profesionalen erabateko inplikazioa eskatzen du. Asko eman eta asko jaso. “Guztion elkarlanari esker dirau Bizilorek. Inplikazio maila altua eskatzen duen arren, eta guraso eta profesionalok asko ematen dugun arren, bueltan ere asko jasotzen dugu. Asko ematen diogu proiektuari eta asko ematen digu proiektuak”.
Eredu alternatibo honekiko gizartean, oraindik, dauden aurreiritziak “ezjakintasunaren ondorio” direla dio Agirregabiriak. Bere hitzetan, “frogatuta dago sistema honetako eskoletan ikasten duten haurrak eskola konbentzionalean sartzen direnean, oso ondo moldatzen direla. Haur hauek ohituta daude elkarbizitzako arauak onartzen, erabakitzen eta kritikoak izaten. Kasu askotan, DBHra pasatzen direnean, tutoreak harrituta geratzen dira ikasleek ez dutelako ikasteko grina galdu, ez direlako ikasteaz aspertu”.

Azkoitian hasi duten bideak atzera bueltarik ez duela garbi dute. Harrera bikaina izateaz gain, herritarren artean gaiarekiko interes handia dagoela ikusi dute. “Hezkuntza sistemak aldaketa behar duela nabaria da eta honelako eskolek aldaketarako akuilu izan nahi dute”, gaineratu du.
Itxaropentsu begiratzen diote etorkizunari; hiru eta hamabi urte bitarteko 45 haur hartuko dituen eskola bat abian jartzea lantzen ari dira. Hala ere, ez dute baztertzen adin mugarik ez jartzea, eta hamabi urtetik aurrerako ikasleak ere hartzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide