Jarri ditzatela Kontxako badian

Erabiltzailearen aurpegia Gurutz Garmendia 2022ko abe. 22a, 10:33
Oleta ingurua, hango gurutze paretik.

Gurutz Garmendiak Oletako eolikoen proiektuaren inguruan idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Jarri ditzatela Kontxako badian'.

Etxean entzuna daukat, egoera zailetan bihotza bero eta burua hotz mantendu behar direla, baina askotan ez da erraza izaten. Oleta aldeko txikizioa nahikoa ez, eta orain Azkoitia errota erraldoiez inguratu behar omen digute. Hau da hau panorama. Depresioan erori aurretik, umoreari eutsi eta txiste erraza egiten ahaleginduko naiz; zorioneko On Kixotek bai asmatu ere. Errota horiek benetako gaizkileak dira; ez ote da bere haragitzerik izango gurean…

Mendiak dira gure azken natura guneak, eta ingurugiroa zaintzea hain garrantzitsua den aro honetan, ez du inolako zentzurik geratzen zaizkigun azken erreserbak suntsitzeak. 200 metroko altuera duten "gaizkile" horiek bideak behar dituzte, eta bideek, kamioiak. Erabateko txikizioa eta mendien industrializazioa; non, eta gure arbasoek beraien monumentuak eta garaiko tenpluak egin zituzten tokietan, trikuharriz beteta baitaude inguru horiek. Mendi gainera igo eta indar berezia sentitu nahi baduzu gainetan, ahaztu. Handi-mandien makroproiektu horiek gauzatzen badira, ez dugu horrelakorik izango; ziur aski, alderantzizkoa. Errota erraldoiek buruko min latza eragingo dizute, eta agian hobe izango duzu etxezuloan geratzea edo hondartzara joatea.

Horrenbeste dira arrazoiak, hain da logikaren aurkakoa hau guztia... Argudiatzea ere kosta egiten zait. Horrenbeste eskatzea al da Eusko Jaurlaritzako arduradunen bat gure herrira etorri, eta gutxienez, buruan zer daukaten esatea? Nire uste apalean, hori eta gehiago merezi dugu azkoitiarrok; halaxe kontuak eta komeriak. Bukatzeko, bihotza bero eta burua hotz mantenduta, gomendio txiki bat egingo diet gure jaun-andre agintari txit gorenei. Jarri bezate berorren gorentasunek erroten industria astuna Kontxako badian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide