Gutuna

Maxixatzenen bazkidetza

Erabiltzailearen aurpegia Julen Garate Azpitarte 2024ko api. 18a, 11:16

Julen Garatek martxoko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako gutuna da honakoa: 'Maxixatzenen bazkidetza'.

Maxixatzen Euskaldunon Elkartea 1996an sortu genuen. Sorreratik izan da komunikabide bat baino gehiago, nahiz eta Maxixatzeneko arlo ikusgarriena komunikabidearena izan (aldizkaria eta web orria). Ibilbidea hasi genuenetik, kulturaren sustapena eta transmisioa gure ardatzetako bi izan dira. Horretarako, kultur ekintzak (kontzertuak, antzerki emanaldiak, bertso saioak…) ez ezik, gure agendan finkatuta dauden hiru ekimen ere antolatzen ditugu aspalditik: Geure Gelatik liburu azoka, Euskola hitzaldi zikloa eta Orbel Jokoak. Aurten, udaberrian gazteentzako Lore Jokoak gehitzeko asmoa daukagu.

2019an, bailarako beste herri komunikabideekin egindako bateratze prozesuaren ondorioz, UKT kooperatiba sortu genuen, eta orduan, komunikabidearen kudeaketa osoa kooperatibaren esku geratu zen.

Euskaldunon elkartearen jardunari eusteko 15 euroko kuota zehaztu dugu

Egun, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak UKT kooperatiban %10eko partaidetza du, baina egiturak eta lan jardunak bereizita daude; hedabidea alde batetik, eta euskaldunon elkartea bestetik.

Lau urte hauetan bazkidetza kuota bakarra kobratu izan dugu, baina aurrerantzean Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak eta UKTk kuota bereizita kobratu beharra daukagu. Beraz, 2024ko maiatzean, kontrakorik ez badiozu behintzat, bi kuota kobratuko dizkizugu.

Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen jardunari eutsi eta kostuei aurre egiteko 15 euroko kuota zehaztu dugu. Urolako Komunikazio Taldeari dagokionez, komunikabideen egitasmoa sostengatzeko, Gukakide izeneko bazkidetza sistema berria jarriko da martxan, kidetze aukera eta tarifa berriekin. Horien berri ere laster izango duzu.

Beti bezala, edozer zalantza argitzeko, gurekin harremanetan jar zaitezke mezua bidaliz gure posta elektronikora (maxixatzen@maxixatzen.eus) edo 675 85 71 11 telefonora hots eginez.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide