ERNIARRAITZ BERTSO LEHIAKETA, ENERITZ ARTETXEREN IKUSPEGITIK

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Artetxe 2014ko ots. 24a, 06:58

urola kostako hitza

Dagoeneko astebete baino gehiago joan da Azpeitiko gaztetxean VII. ERNIARRAITZ LEHIAKETAko finala jokatu zenetik.  Zumarragako Amaia Iturriotzek irabazi zuen txapela, eta bertan aritu zen Eneritz Artetxe azkoitiarra ere. Haren iritzia bildu dugu honako elkarrizketa honetan:

-Laugarren postua eskuratuta, nola baloratu duzu lehiaketan egindako ibilbidea?

-Kanporaketa San Agustinen izan nuen, eta handik ez nintzen oso gustura atera, giroa ere oso hotza baitzegoen, eta horrek uste baino gehiago eragiten du. Finala, berriz, Azpeitiko gaztetxean izan zen, eta 400 lagun inguru bilduko ginen. Saioa nahiko bizi joan zen, eta orokorrean gustura bukatu genuen. Gaztetxea lepo beteta, eta horrelako giro beroa ikusita bakarrik balorazio oso positiboa egin daiteke.

-Nolakoa izan zen saioa oro har? Eta zeuk nolako saioa egin zenuen?

Kanporaketekin alderatuta, sentsazio hobea izan nuen saioan zehar. Martxa biziz aritu ginen, eta ale oso onak ere egon zirela esango nuke. Pertsonalki, beti izaten da zer hobetua, eta egindako ariketa denetan aldatuko nuke zerbait hotzean begiratuta. Baina jendearen erantzuna ikusita eta 6 bertsolarion artean lortutakorekin, gustura.

-Jende asko bertaratu zen. Jende kopuruak eta sortzen den giroak nola eragiten dizute?

- Sariketa honetan egin diren saio denetan izan da entzulearen erantzuna oso ona. Azpeiti eta Azkoitian 200 lagun inguru bilduko ginen, eta Errezilen ere 100 entzuletik gora, izugarria izan da. Jende kopuruaz gain, lekuaren neurriak ere eragiten du giroan, eta gaztetxea goraino ikusteak sortzen du ondo egiteko gogo berezi edo ilusio bat. Orokorrean, giro beroak izugarri motibatu ohi gaitu.

-Zein dituzu hemendik aurrerako bertso-pausoak?

- Bertsoa da nere egunerokotasuna, bertsolaritzako irakasle bezala egiten dut lan 6 urtetik 14 urtera bitarteko haurrekin. Irakasteaz gain, izugarri ari naiz ikasten, eta bide beretik jarraitzea gustatuko litzaidake.

Bertsolari bezala, berriz, gazteen sariketa batzuk baditut aurretik, eta noizean behineko saioekin konformatzen naiz. Bertsoa lagun artean ezagutu dut, eta erosoena ere hala sentitzen naiz, beste eremu batzuetan kantatzea ere tokatzen den arren. Beraz, aurrerantzean ere, batean ez bada bestean, era berean gozatzen jarraitu nahi nuke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide