Azkoitiko Udala eta Urola ibaiaren garbiketa

Erabiltzailearen aurpegia Eguzki Erakunde Ekologista 2023ko mai. 1a, 11:55
Eguzkik Urola ibaitik jasotako hondakinak Juin kalean ikusgai jarri zituen iazko abenduan. (Eguzki)

Azkoitiko Udalak Urola ibaiaren zati batean egindako garbiketaren inguruko hausnarketa plazaratu du Eguzki talde ekologistak.

Hil honen erdialdera, Azkoitiko Udalak kontratatutako enpresa batek garbiketa lanak egin ditu Urola ibaian, 3,3 kilometro inguruko hedaduran. Udalak hainbat hedabidetara bidalitako oharrean adierazi duenez, "jasotako hondakin kopurua esanguratsua da, eta horrek hausnarketa eskatzen du, ibaira edozer botatzea onartezina delako". Eguzkik garbiketa horri buruz egiten duen hausnarketa da ez dela egin Urola ibaiaren egoera tamalgarrian pentsatuz. Ibaiaren egoerak benetan kezkatzen badu, zergatik ez zuen garbiketa iaz egin zonalde berean tona batzuk zabor gehiago zeudenean eta udalak horretarako diru partida bat bideratuta zeuzkanean?

Zalantzarik gabe, udalak orain egin duen garbiketaren helburuak dira iritzi publikoan eragitea, eta, horrela, kapital politikoa eta prestigioa berreskuratzea eta Udal Gobernuaren irudia hobetzen saiatzea, Eguzkik 2022ko abenduaren erdialdean egindako salaketaren aurrean. Orduan udala salatu genun gezurra esateagatik, ingurumen desafekzioagatik eta erakunde demokratiko batek oinarri izan behar duen Kode Etikoa eta Gobernu Onerako Kodea ez betetzeagatik. Horrek ez du oso leku onean uzten erakunde publiko bat. Joan den abenduko salaketaren komunikatua, lotura honetan

Iritzi publikoan eragiten saiatzea ez da berria udalaren aldetik. Bestela, zergatik hitzartu zuen Udal Gobernuak iazko aurrekontuetarako oposizioarekin partida bana zaborrak kentzeko eta prebentzio neurriak –saretak– jartzeko jakinda ez zituela beteko? Eta zergatik esan zigun udalak urtarrileko udal aldizkarian aurten diru gehiago bideratu zuela ibaia garbitzeko? Zertarako hitzartu zituzten partida horiek eta zertarako gezurra argitaratu? Helburua argia zen, iritzi publikoa manipulatzea egia ez zen zerbait sinetsaraziz eta, bide batez, gezurra bere onerako erabiltzea. Jokaldia ezin hobea zen, baina benetan gaizki atera zitzaien.

Gure ibaiak "zabortegi bihurtzea pentsaezina" dela esaten duenean, esan, besterik gabe, ibaia zaborrontzi partikular gisa erabiltzea hainbeste gustatzen zaienek beren hausnarketa egin dutela; beren zaborrak botata erantzun dute. Eta hori gertatzen da iristen zaien mezuak beste bat izan beharko lukeelako, zalantzarik gabe.

Ibaiari hogei minutu baino ez dizkiogu eskaini –denbora barregarria, egunero kaleak garbitzen pasatzen dutenarekin alderatuz gero–, Altzibar auzoko egurrezko zubitik Trino Uria auzoraino. Aspaldi salatu genuen administrazio eskudunen aurrean etxebizitza batzuetatik zaborrak botatzen dituztela ibaira. Kezkatzen gaituena ez da bakarrik ez direla zabor horiek erretiratzen, baizik eta ibaian behera eramaten dituztela. Isuriren batek zerbait 'ona' badu, frogak uzten dituela da. Lehenago edo geroago, hondakinak agerian uzten du zein etxebizitza bloketatik isuria izan den. Informazio hori daukagunean, mila modutan jardun daiteke. Baina arazoa da ez dela ezer egiten hain berria ez den arazo bat konpontzeko, zoritxarrez urte asko baitaramatza gure artean. Gogoratu nahi dugu legeak ezartzen dituenak bezainbesteko ardura duela horiek betearazteko ezer egiten ez duena.

Guk ez dugu ibaiari inolako jarraipenik egiteko edo zaborrak kentzeko betebeharrik, ezta konponbiderik proposatzeko betebeharrik ere, egiten duguna geure borondatez egiten dugu. Kontrakoa gertatzen da erakunde eskudunekin, haiek irtenbideak bilatzeko betebeharra daukate. Eguzkik gertaera horiek publikoki salatzea erabakitzen duenean, uste dugu bati baino gehiagori atentzioa emango diotela. Urola ibaitik ez ditugu hamar edo hogei kilo hondakin erretiratu, ehunka kilo baizik.

Iazko abenduaren amaieran salaketa jarri genuen Arartekoaren aurrean; zehazki, ingurumenari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea urratzeagatik, Azkoitiko Udalak Eguzkik egindako eskaera ukatu baitzuen. 1998. urtean egindako Aarhuseko hitzarmenean jasotako eskubide bati buruz ari gara. Legeak betetzea denei dagokie, baina, batez ere, erakunde publikoei, eta eredu izan behar dute betebehar horretan.

Ez dakiguna da udalak horretaz guztiaz hausnartu duen ala ez. Espero dezagun baietz, eta konturatu dela jokabide horiek ez diotela gizarteari laguntzen jarduera politikoaren benetako balio positiboa hautematen, eta, horrez gain, haren irudia eta horretan aritzen diren pertsonena hondatzen dutela.

Horregatik, Eguzkik espero du berriz Azkoitiko Udalak salatu beharrik ez izatea gezurretan aritzeagatik, Kode Etikoa eta Gobernu Onarena ez betetzeagatik, ezta Arartekoaren aurrean salatu behar izatea ere hain funtsezkoa den eskubide baten urraketagatik, informazioarena, alegia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide