Azalekotasunaz

Erabiltzailearen aurpegia
Azalekotasunaz

Ekaitz Etxezarretak otsaileko 'Maxixatzen' aldizkarirako egindako ekarpena:

Badira bi urte esku artean duzun azpiegitura honentzat idazten ez dudala. Mundua injustua izateaz gain, arlo pertsonalean hainbat aspektu aldatu baitzaizkit garai batetik hona. «Denak du arrazoi historiko bat», errepikatzen dut behin eta berriro gelan, honek ere badu berea. Betiko moduan, damu naiz hitz hauek lehenago idazten hasi ez izanaz, eta zelako injustizia garai batean hain trebatuak zeuden nire behatz hauen kolpe makurrak sentitzen hastea berriz ere. Argi dago, idazten noan heinean erabat nabari dut, hau da hau alferkeria zaharra, gizartearen egoerak sortzen didanaren eskutik doana!

Betiko leloa da: historia ikasgaiak ez omen du arrakastarik bigarren hezkuntzako ikasleen artean. Horixe da laino ilun euritsuaren antzera historiako irakasleok entzuten dugun zurrumurrua, norbait behin eta berriro belarrira xuxurlatzen ari balitzaigu bezala. Hausnarketa sakonetatik eratorritako neure uste apalak dioenez, arrakasta falta hori historiako ikasgaia irakasten duten irakasleek dute. Egia ala gezurra den, hori beste kontu bat da, badakizue, iritzia merke dago egunotan.

Orain aste batzuk, Lehen Mundu Gerraren kausak ikusten ari ginela klasean, inperialismo kontzeptua argitzea egokitu zitzaidan, kolonialismoa berebiziko faktorea izan baitzen Gerra Handiaren sorreran. Egunotan guztien burmuinetan iltzatuta dagoen hitza erabili nuen: Venezuela. Guztien arreta lortu nuen bat-batean, baita parte hartze zein iritzi trukaketa andana ere: klase gogoangarri horietako bat izan zen, ziur.

Handik egun batzuetara, Balentin deunaren egunean, gela berean klasea ematen ari nintzaien. Gelan barrena oinezean egin ohi ditudan ahozko azalpen horietako baten goreneko puntuan, hainbat ikasleren arteko papertxo komunikabide katea atzeman nuen, ustekabean. Neure ahozko azalpena eten gabe ikasleari hurbildu nintzaion eta papertxoa emateko eskatu nion, eta berak, “zirkunstantzia” aurpegiarekin, papertxoa entregatu zidan. Klasea ez zen momentu batean ere eten.

Papertxoan zer jarriko ote zuten irudikatzen ari nintzen irakasle gelara iristeko pausoak kontatzen ari nintzen bitartean, papertxoa irakurtzeko desiatzen nengoen. Iritsi bezain laster, papertxoa desmuntatu eta gela hartako tutorearen zein beste lankideen aurrean ozen eta argi papertxoa irakurtzeari ekin nion. Denak aho bete hortz gelditu ginen entzundakoarekin: «Positiboa merezi dute!» garrasiak entzun nituen. Itxura denez, egun batzuk lehenago edukitako klase gogoangarri hura benetan gogoangarria izan zen. Papertxo hartan, Amerikako Estatu Batuek Venezuelan dituzten interesez eta Maduro presidentearen inguruko iritziez ziharduen elkarrizketa bat ageri zen.

Alde batetik, sabelean zirrara moduko bat sumatu nuen, zerbait ondo egiten ari naizen seinale izango ote? Bestetik, momentuko nire azalpenari arreta ipini beharrean, ikasleak beste zerbaitetan zebiltzala neoizko argi gorri dirdiragarritan nuen buruan. Hala ere, azken hori bigarren planoan gelditu zen.

Dena den, konklusio nabarmenena zera da: komunikabide orok gugan duen eragin itzela. Izan gaitezen kontziente eta hezi ditzagun gure seme-alabak ahalik eta hiritar kritikoenak izateko moduan, mesedez. Ez ditzagun gauza garrantzitsuen inguruko axaleko iritziak bultzatu. Gogoratu, beren gizarteko eta historiako irakasleon osasun mentalarekin jokatzen ari zarete. Beraz, kasu, irakurle! Zeure esku merke dagoen horri balioa ematea edo azalean uztea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide