Zoratu egin al gara?

Erabiltzailearen aurpegia Ekaitz Etxezarreta 2015ko abe. 7a, 10:49

2015eko azaroaren 23a da, hamar egun pasa dira Europa azkenekoz astindu duen eraso terroristatik. Gizakiek elkarri eragin diezaioketen minak oldarraldia eragin du nire barnean, “zoratu egin ote gara?”. Oldarraldiak eragindako momentuko itsutasunetik argia ikusi dut eta neure buruarekin harritu naiz oraindik horrelako galderak sortu izanagatik. Ba al dago mundu hau aurrera ateratzerik gizakien arteko esplotazio eta sufrimendurik barik?

Ez gaitezen engainatu, begiak ireki ditzagun, alfer alferrikakoa baita kontrakoa pentsatzea. Gizakia mundu honetan bizi den animaliarik arriskutsuena da. Eta berau aldatu daitekeen ideia defendatzen duenak ez dezala nirekin kontatu. Gizakia gizakia denetik, gudak izan dira beronen biziraupena bermatzeko tresna. Baina zergatik borrokatzen da ,hain justu, gizakia? Bizirauteko behar dituen errekurtsoengatik. Nire giza taldeak behar duena beste giza taldeak badauka, elkar akabatuko dugu, eta bizirik gelditzen denak gozatuko du aberastasunaz. Logika zanpatzailea.

Errespetu guztiarekin esanda, grazia handia egiten didate, bakezaletasun eta biolentzia-ezaren ideologian oinarrituta, mundu hau aldatzea uste duten ameslariek. Askok uste dute soilik barazkiez elikatuz, buruaskitasun pertsonala lortuz (baserri galdu batera bizitzera joanda) edota manifestazio baketsuetara joanez lortuko dugula gizakiok elkar esplotatzen gaituen sistema kapitalista suntsitzaile honekin akabatzea. Barregura eta nazka sortzen zaizkit aldi berean.

Ameslari inozo hauek, facebookeko beraien profilean, Frantziako bandera jartzen duten sasi-solidarioekin konparatzen ditut. Bai batzuk eta bai besteak txanpon bereko bi alde dira, sistema hau ahalbidetzen duten hipokritak. Biblia sakratuak aurreikusten duen Azken epaiketa gure herrien zeruetatik jausiko da, benetan itsu utziko gaituen erradioaktibitatez hornitutako argi batez. Baina pentsa dezagun era baikorrean, ez al da onena dena suntsitu eta berriro zerotik hastea?

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide