Erdi kaleko 28.a

Erabiltzailearen aurpegia Ekaitz Etxezarreta 2015ko mai. 26a, 11:17
Argazkia: Bonbako iturria.

Bonbako iturriko ur jarioaren etengabetasunak eta San Martin kaleko abarkagintzako langile txortarien zalapartak lagunduta etorri zen Isidra mundura, 1924. urteko neguan. Tomas deunaren eguna zen, urteetan jarraituko zion izenaren patuaren ageriko.

 

Isidra, kale nagusiko 28. zenbakiko azken solairuan sortu eta zortzi anai-arreben artetik zazpigarrena izan zen. Aita Lazaro Androndegikoa eta ama Ramona Betroitzaga baserrikoa, abarka eta txapelgintza industriak erakarritako baserritar kaletartuak ziren, Azkoitiko langile klaseko kideen adibide estandarra. 

Gure Isidra, amaren altzoan egoki, bere anai arreba zaharragoen inguruan hezi zen. Ondoko bizilagunek zioten bezala, poztasuna zen nagusi etxe hartan, ederra omen zen Patxi anaia gau eta egun kantuan jarduten entzutea. Mixikordiko eskolarik gabeko udara luzeetan, Isidrak soineko zaharra janzten zuen, eta etxetik hain gertu zeukan Urola ibaian bainatzen zen bere lagunekin. Garaiko kale hutsak ere, beraien jolastoki pertsonal bihurtzen zituzten Ikutute libratzen bezalako jolasetan arituz. Aitaren irribarrea gozoa izaten zen amarekin batera Hurtado de Mendoza txapel fabrikara bisitan joaten zitzaionean, baita bertako sugarretan egin eta aitak berak eskura emandako sagar errearen zaporea ere.

1936ko irailaren 20an sartu ziren Azkoitian uztailaren 18an errepublikaren kontra altxatu ziren tropak, Isidra 12 urte egitera zihoala. Behin ere sentitu gabeko urduritasun mota indartsu bat, herixue sentitu zuen bere erraietan. Kanpaikada eta sirena hots geraezinak, oihal gorri-horiak balkoietan, kaki kolorezko uniformez eta borla horiz apaindutako txapel gorriz jantzitako errekete desfile amaigabeak, apain jantzitako emakume gazteak soldaduei ongi etorria ematen... Isidraren mundua goitik behera aldatua zen jada.

Aita Lazarok kide guztiak etxean gelditzea nahi izan arren, bakoitzak bere bideari ekin zion kaosaren testuinguru hartan. Altxatuak herrira hurbiltzen ari zirela ohartarazita, Dionisio eta Joxe Mari anaia zaharrenek Elgoibarko bidea hartu zuten Bastarrikaldetik gora ihesean. Gerra, Euzko Gudarosteari atxikitutako Amayur batailoilan egin zuten 1936 eta 1937 urteen artean, Bizkaia erori arte. Santoñan errenditu ziren, eta gartzelaratu egin zituzten. Epe motz batean, Dionisiok ihes egitea lortu zuen lagun talde batekin batera, eta muga igaro zuen.

Ihesa gertatu eta egun batzuk beranduago eguerdiko 12ak izateko minutu gutxi falta zirela, eguneko lehen eguzki izpia kale nagusiko hezetasun eta iluntasunaren aurka indarrean hasten zen momentuan, herriko bi guardia zibilek lagunduta, inspektoreak 28. zenbakiko azken solairuko atea jo zuen. Aitagatik galdetu zuen, eta Ramonak lanean zela adierazi zion. Halere, beraiekin hartu eta Lazaroren bila eraman zuten, Isidra etxean bakarrik uzten zuten bitartean. Egun bertan, gurasoak udaletxeko ziegan espetxeratu zituzten.

Hurrengo goizean, familia mantentzeko lana egin behar zuela argudiatuz, Lazaro aske utzi zuten. Hori bai, anaia Patxik ordezkatu zuen. Horrenbestez, anaia eta ama hainbat egunez egon ziren gatibu. Isidrak, hain gazte, etxearen ardura hartu behar izan zuen, anai arreba guztietatik etxean zegoen zaharrena baitzen. Egunean bi aldiz joan behar izaten zuen Karmen ahizpa gazteagoarekin ama eta anaia elikatzera. Etxetik udaletxerako bidean sentitzen zuen lotsa eta umilazioak, burua makurtzera bultzatzen zuen.

Herri bezala bakean eta askatasunean oinarritutako etorkizun bat nahi badugu, beharrezkoa zaigu oroimen historikoa gorde eta mantenduz, justizia exigitzea. Irakurri dituzuen bezalako bizipenak azaleratzea berebizikoa zaigu pairatu ditugun sufrimenduak jakinaraziz, zauriak itxi ditzagun.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide