Ana Azkoitia herriko auzoetan eta kaleetan izango da herritarrekin hitz egiteko

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EAJ 2022ko urr. 7a, 10:19

Ana Azkoitia alkatetzarako EAJren hautagaia eta egungo alkateordea denak urriaren 11n, datorren asteartean, kalez kale eta auzoz auzo elkarrizketa erronda abiatuko du nahi duten herritarrekin hitz egiteko. 16 topagune zehaztu ditu herri osoan zehar eta beste hainbeste hitzordu jarri ditu.

Azkoitiko alkatetzarako EAJren hautagaiak "herritarrekin hitz egin eta haiei entzun, edo entzun eta hitz egin, egokitzen dena", egin nahi du. Ana Azkoitiak bigarren legealdia du alkateorde gisa Javier Zubizarreta alkatearen ondoan eta bera izango da erreleboa hartuko duena "betiere herritarrek hala nahi izanez gero".  Hori horrela, ibilbide berri honi ekin nahi dio “hitz egiten eta entzuten zintzotasunetik, eta jomuga interes amankomunean ipinita”. Horregatik, 16 topagune zehaztu ditu herri osoan zehar eta puntu bakoitzean egoteko eguna eta ordua finkatu ditu. Aste honetan bertan etxe guztietara eskuorria banatuko da noiz, non eta zer ordutan egongo den toki bakoitzean zehaztuz. Aurrez Aurre kanpaina lau hilabetez luzatuko da, urtarrilaren amaiera arte, hain zuzen.

"Udal Gobernuan egonda, gertutik ezagutzen ditut, nola ez, jendearen arazoak eta beharrak. Baina kale eta auzoetara gerturatu nahi dut eta aurrez aurre hitz egin herritarrekin, edo horretarako aukera eman, gutxienez. Nire ideiak eta proposamenak partekatu nahi ditut eurekin, eta eurenak jaso. Sinesten dut hartu-eman horretan eta horregatik nahi dut pertsonengana hurbildu, hobeto eta gehiago ezagutzeko herria eta ordezkatzen ditugun eta ordezkatzen jarraitu nahi dugun herritarrak".

Alkategaiaren hitzetan, jeltzaleak hurrengo legealdirako programa lantzen ari dira, "baina herritarrekin kontrastatu eta balidatu nahi ditugu gure ideiak eta proiektuak. Noski, Udalak ere lan esanguratsua egin du Herrilab+700en baitan eta egiten ari diren Herri Plana ere, gure bide-orria markatuko duen tresna garrantzitsua izango da". Ana Azkoitiarentzat "politikarekiko bizi dugun gogogabetasun testuinguru honetan, herritarren konfiantza irabaztea da inportantea. Nik uste dut hitz eginez gauza asko konpontzen dela, eta horretarako prest nago. Uste dut herri hau gero eta hobeagoa izatea nahi badugu, guztiok jarri behar dugula gure aldetik, eta denei eman bide horretarako".

EAJren hautagaiak erronda Martirieta auzoan hasiko du urriaren 11n, asteartean. Hitzordua 19:00etan izango da auzoko frontoian.

Urriaren 18an, Ana Azkoitia Madariagan egongo da eta 25ean, Urrategin.

Azarorako EAJk beste sei hitzordu jarri ditu sei toki ezberdinetan. Abenduan bi topagune izango dira eta beste lau, urtarrilean.

"Herria —dio Ana Azkoitiak— hamasei zatitan egin dugu, kanpoan zonalderik ez uzteko".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide