"Euskal Kirolariak Tokio 2020: Basque Team-en lana” hitzaldia, ostegun honetan Elkargunean

Gazte Geroak antolatuta, “Euskal Kirolariak Tokio 2020: Basque Team-en lana” izenburupean, hitzaldia emango dute ostegun honetan Azkoitian Basque Teameko koordinatzaile Olatz Legarzak eta Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendari Jon Redondok. Hitzaldia abenduaren 12an Elkargunean izango da arratsaldeko 18:30ean.

Basque Team Fundazioak pasa den martxoan ekin zion Tokio 2020ko jokoen bideari abesti eta bideoklip propioa aurkeztuz. Abestiak, hain justu, euskal kulturaz eta nazioarteko txapelketetan kirolariek eta gizarteak sentitu behar duten batasunaz hitz egiten du. Urteko kirol hitzordu garrantzitsuenerako, berriki Eneko Atxa sukaldariak menu olinpikoak ere aurkeztu ditu. Estadio olinpikoa ere eraikita dago 2020ko Olinpiar Jokoei uztailaren 24an hasiera emateko.

Basque Team 2007an sortu zuten Euskadiko Administrazio Orokorrak eta Euskal Irrati Telebista erakunde publikoak. Fundazioak ez-profesionala, goi mailakoa eta goi errendimenduko euskal kirola sustatzea du xede Nazioarteko Batzorde Olinpiarrak onartutako modalitate guztietan. Lankidetza publiko-pribatuaren bitartez, kirolariei behar dituzten baliabideak eta laguntzak emateko jaio zen Fundazioa. Egiten ari den lanaz hitz egingo dute Legarzak eta Redondok.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide