Trikigiro jaialdia ospatuko dute ostiralean, Azpeitian

Erabiltzailearen aurpegia Bizkargi Musika Eskola 2021ko urr. 18a, 09:09
2019an egin zuten azkenekoz Trikigiro jaialdia. (Ibon Errazu)

Ostiralean, 19:00etan hasiko dituzte ekitaldiak. 20:00etan, kalejira egingo dute, eta eguna afari batekin itxiko dute.

Osasun larrialdia tarteko, eskualdeko trikitilariak urteroko hitzordurik gabe gelditu ziren iaz. Dena den, ohiko ekitaldiak berreskuratzen ari diren honetan, bueltan da Trikigiro jaialdia ere. Ohi bezala, urrian egingo dute trikitiaren festa; urriaren 22an, ostiralez, jarri dute hitzordua, eta seigarren ekinaldia izango da aurtengoa. Trikigiro kultur elkarteak eta Kulturaz kooperatibak antolatu dute jaialdia; 2015az geroztik, eskualdeko trikitizaleen komunitatea saretzeko zein haren transmisioa bermatzeko asmoz egin ohi dute. Helburu horri tiraka, bailaran hainbesteko indarra daukan trikitiak herriko txokoak girotuko ditu beste urte batez.

Egitaraua

19:00etan hasiko dituzte Trikigiro eguneko ekitaldiak; ordu horretan, trikitilari gazteen emanaldia izango da plazan. Ondoren, 20:00etan, kalejiran ibiliko dira trikitilariak, eta argazki erraldoia aterako dute bildutako guztiek. Amaitzeko, 21:00etan, afaria egingo dute Sanagustin kulturgunean.

Bizkargi Musika eta Dantza Eskolako hainbat ikasleek parte hartuko dute jaialdian. Trikitixarekin arituko dira, Ane Etxeberria, Haritz Alberdi, Araitz Etxaniz, June Badiola, eta Alazne Barandiaran. Aldiz, panderoarekin arituko dira Lierni Osoro, Naroa Osoro, Eriete Zubizarreta, Eñaut Oria, Aiora Azkue. Horiek guztiek Sueltoagarratuan fandangoa eta Gizaburuaga arin-arina abestiak eskainiko dituzte Azpeitian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide