Aula Virtual Musica metodoaren aurkezpenak egin ditu Bizkargi eskolak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkargi Musika Eskola 2021ko ira. 17a, 16:01
Hainbat haur, programa baliatzen. (Aula Virtual Musica)

Joan zen asteartean, irailak 14an, lehen mailako ikasleen gurasoekin bilera egin zuen Bizkargi eskolak, metodoa aurkezteko.

Bizkargi Musika eta Dantza Eskolak, bere ikasketa proiektuaren baitan, musika hizkuntza ikasi nahi dutenentzat  'Aula Virtual Musica' izeneko metodo interaktiboa abian jarri zuen 2019-20 ikasturtean. Metodoa 20 unitate didaktikotan dago banatuta, eta bost atal ditu unitateko. Sistema gaur egungo premietara egokituta dago, tresna bezala, ohikoak diren musika tresnez gain pantaila interaktiboaren bidez ikasleak askoz ere modu erakargarriagoan ikasteko aukera baitu. Horrekin batera, eskola orduetatik kanpo ikasleak egiten duen lanari jarraipena egiteko aukera izango du irakasleak. Era berean, sistema horrek ikasketa pertsonalizatua ahalbidetzen du.

Lehen Hezkuntzako haurrei nahiz helduei zuzenduta dago, eta orain arte oso harrera ona ari da izaten hainbat zentroetan. Ikasleek klaserako testuliburua dute, euskaraz, pentagramadun liburuxka eta guzti, eta, horrez gain, edozein gailu erabilita Interneten sartzeko lizentzia, musika hezkuntzako ikasketetan nahi beste sakondu ahal izateko. Programari esker, gainera, klasean landutako edukiak berrikusteko aukera ere badago.

Metodologia horren sortzaileak dira Cristobal Navarro eta Sergi Rajadell. Lehena, musikaren historian eta zientzian da lizentziatua, eta bigarrena, musikako irakaslea da. Bestalde, Juan Carlos Rovira kudeaketa arduraduna da, denak valentziarrak. Hizkuntzari dagokionez, material guztia hizkuntza ezberdinetan editatuta dago –valentziarrez, katalanez, gaztelaniaz, ingelesez–. Momentu honetan, liburuak euskaraz daude eta plataforma ere prozesu horretan dago. Lan gehiena hartuko du audioak aldatzeak, baina hori egiteko konpromisoa hartu dute eta hasi dira dagoeneko lanean.

Sortzaile horien lan filosofia irakasleen arteko interakzioan oinarritzen da, irakasleen papera gelan ezinbestekotzat hartuz. Horregatik, metodoa ez dago salgai norbanakoentat; musika eskoletako ikasleentzat dago eskuragarri bakarrik. Bestalde, irakasleen komunitatearen bidez, informazioa, esperientzien trukaketak, ideiak eta hobekuntza-proposamenak egiteko aukera paregabea ematen du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide