EH Bilduk Euskal Herriko Pentsioniodunen Mugimenduarekin sortutako mozioa

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EH Bildu 2024ko mar. 19a, 10:49
Eskuak. (Artxibokoa)

EH Bilduk azkeneko udaleko osoko bilkuran Euskal Herriko Pentsioniodunen Mugimenduarekin zubi lanean sortutako mozioa.

Azken urteotan, asko hitz egiten da pentsioen etorkizunaz eta hauen balizko pribatizazioaz. Urteak daramatzate pentsio sistema publikoa pribatizatzeko ahaleginean eta, murrizketa eta erreforma ezberdinak horretara bideratuta daude. Negozio horrek, beti bezala, izugarrizko mesedea egingo lieke bankuei, aseguru- konpainiei eta inbertsio-funtsei. Horrelakorik gerta ez dadin, ezinbestekoa da, politikariek beren erabakiak beharrezko ausardiaz hartzea, sektore behartsuenek, hala nola pobreek, migratzaileek edota emakumeek, pertsonenganako defizitez betetako sistema horren bidegabekeriak jasaten jarrai ez dezaten. Bitarte horretan, milaka pentsiodunek kalera ateratzen jarraitzen dute pentsio publikoak duintzearen alde.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua (EHPM) 2018an sortu zen eta, ordutik, etengabe ari dira pentsio duina jasotzeko eskubidea aldarrikatzen. Mugimendu honek, gaur egun 783 eurotan dagoen gutxieneko pentsioa 1080 eurotan ezartzea eskatzen du eta, bide batez, kopuru hau finkatzen ez den bitartean, EAEko eta Nafarroako gobernuek 1080 euro arte osatzea, hamalau ordainsaritan.

Azkoitiko EH Bilduk bat egiten du eskaera honekin, pentsio publiko duinak beharrezkoak direlako eta ez direlako sari bat, eskubide bat baizik, osasuna, hezkuntza, etxebizitza edo lan duinak diren bezala. Pentsioen etorkizuna inolako arazo politiko eta ekonomikorik gabe berma daitekeela ikusten dugu. Badira horretarako aukerak, pentsioak politika publiko zehatzen ondorio direlako eta izango direlako eta, beraz, konponbidea dutelako. Zenbakiak erraz kabitzen dira politikarien programetan, baina pertsonak ez eta, horrekin bukatu behar dugu, ekonomiak gizartearen zerbitzura egon behar baitu eta ez alderantziz. Baliabideak badaude, baina, arrazoi asko medio, behar duenari ez zaio iristen.

Hego Euskal Herriko pentsiodunen ia erdia, 300.000 inguru, pobrezian bizi dira, hauetako asko egoera guztiz tamalgarrian eta, beste asko, miseria gorrian, bizi-kostuaren hazkunde etengabea dela eta ez baitzaie iristen oinarrizko beharrei aurre egiteko ere. Horietako askori jateko eta janzteko baino ez zaie iristen, bizitzeko etxebizitza duinik ere ez duten bitartean. Hauetariko asko bizi diren etxebizitzak, osasungaitzak dira eta gabezia asko dute, irisgarritasun arazoak edota berokuntza sistemaren falta dituztelarik kasu askotan. Hori horrela izanda, gurean, “eskubideen gizartea” den honetan, duintasunaz eta etikaz hitz egiten jarraitzen dugu nonahi, oinarrizko eskubideak pribilejio bilakatzen jarraitzen duten bitartean. Egoera honetan, bidezkoa al da pentsioen igoera erreguka eskatzea? Ez, ez da bidezkoa, eskubide hori guztioi dagokigunez, bizimodu duina izateko eskubidea guztiona den momentutik. Eskubideak ez dira ematen edo kentzen, ez dira inoren patrimonioa, gutako bakoitzarenak baitira.

Edonola ere, emakumeek jasaten dute pentsio-politikaren alderik makurrena. Hainbat hamarkadetan, emakumeek ez dute etxetik kanpo lan egin eta, horregatik, pentsio txikienak kobratzen dituzte (kotizazio gabekoak). Lanean aritu badira, lanposturik prekarioenak eta gaizki ordaindutakoenak izan dituzte eta, askotan, beren lanpostuei uko egin behar izan diete, partzialki edo behin betiko, senideren baten zaintza lanak egiteko, edota, amatasunagatik eta, horrek, zaildu egiten du hauetako askok pentsio egokia kobratzea, kotizatzeko garaian izandako hutsuneengatik. Alargunen egoerak aparteko aipamena merezi du, kotizazio gabekoekin batera, pentsio txikienak baitituzte. Laburbilduz, gutxieneko pentsioak, aldagai guztietan, emakume izena du.

Pentsioek lotura zuzena dute lan-merkatuaren erregulazioarekin eta Madrildik inposatzen diren lan erreformekin. Subiranotasun ekonomikorik ez dagoenez, Madrilek gure ordez erabakitzen ditu LGSa (Lanbide arteko Gutxieneko Soldata), kontratu motak, negoziazio kolektiboko esparrua, kotizazioak, pentsio motak, zenbatekoa eta abar. Hori horrela, premiazkoa eta nahitaezkoa da herri honentzat subiranotasun ekonomikoa, edo gutxienik, zerbaitekin hasi ahal izateko, lan-harremanen eta gizarte prestazioen euskal esparrua.

Kontziente izan behar gara, gaur egun, eskubideen zerrendaren adinekoa dela eskubideen urraketena eta, azken honetan kokatu behar dugu pentsio duinaren eskumena. Beti esan izan da, gauzak, jendeak aldarazten baditu aldatzen direla soilik eta, hau, guztioi eragiten digun gaia den momentutik, ezin dugu pentsiodun mugimendua bakarrik utzi, bere borroka, gehiengo sozialarena baita.

Otsaileko udaleko ohiko bilkuran jorratu genuen gaia eta bertan 2 mozio ezberdin aurkeztu ziren, batetik PNV eta PSE-k Eusko Jaurlaritzaren eskumenak aldarrikatuz, pentsioei dagokionez, Toledoko paktua erreferentzia gisa hartuta eta bestetik RHPMren eskaera, 1080 € diru sarrera bermatua izan dadin. Azken hau EHBilduk aurkeztu genuen, EHPM eskaera bati erantzunez eta zubi-lana eginez.

Atsekabe handiz esan behar dugu, EHPM mozioa ez zela aurrera atera, batetik PNV-PSE-k aurka bozkatu zutelako eta bestetik, Azkoitia Bai-k, mozio guztiei ezezkoa bozkatzea erabaki duelako. Horren ondorioz, PNV eta PSEren mozioa atera zen. Azkoitia Bairen erabakia desegokia deritzogu, izan ere, mozioak ez dutela ezertarako balio argudiopean eman zioten mozioari ezezkoa. Gure ustetan, alderdiei dagokigun ardura politikoaren uztikeria bat eman zen eta azkoitiko udalak ere EHPMren aldarrikapen justuari bere babesa eskeintzeko aukera paregabea galdu genuen. Gure aldetik, pentsionisten mugimendua babesten jarraituko dugu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide