Martxoaren 8rako Azkoitiko EH Bilduren adierazpena

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EH Bildu 2024ko mar. 7a, 17:11

Emakume Langileen Nazioarteko Egunaren harira, bere adierazpena plazaratzearekin batera, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten die herritarrei Azkoitiko EH Bilduk.

Azkoitiko udal gobernuak martxoaren 8rako poposatu zuen adierazpenean abstenitu egin ginen, hausnarketa sakonagoko adierazpen bat osatuko genuela hitz emanez. Bada, hona hemen hitz emandakoa:

Duela urte batzuk, mugimendu feministak zaintza sistema publikoaren aldeko aldarrikapen dinamika bat abiatu zuen, eta horren adibide izan dira azken urteetako martxoaren 8ko grebak, mobilizazioak eta ekintzak. Azken inflexio puntua azaroaren 30eko greba feminista orokorra izan zen. Gure herrian ere lanketa xume bat egin behar izan genuen, San Andres eguna herrian jai eguna izaten dugulako, eta aldarrikapenen erdigunean San Jose egoitzako langileen lan baldintza prekarioen aldeko aldarria jarri zen.

Eudelek aurkeztu duen proposamenak ez dio erantzuten ez zaintzen sistemari buruzko analisiari, ezta gobernantza ereduaren analisiari ere. Beraz, mugimendu feministak planteatzen dituen eztabaida sakonetatik urruntzen den planteamendu bat dela deritzogu, eta uste dugu erakundeei dagokigula mugimendu feministaren lana aitortu eta gure ardurari erantzunez, ildo horretan aurrera egiteko konpromisoak hartzea.

EH Bilduren ildoa zaintza sistema publiko komunitarioa garatzeko ezinbestekoa den gobernantza feministaren gainean aritzea izango da. Gobernantza feministari buruz ari garenean lidergo transformatzaile bati buruz ari gara, eta beharrezkoa da ikuspegi feminista txertatzea. Hau da, udaleko estruktura estankoak apurtu behar ditugu eta sail ezberdinen artean proiektu partekatuak eraiki eta kudeatu behar ditugu.

Beharrizan nabarmen eta erronka handi horien aurrean, gure herriak, dinamika eraldatzaile eta partekatu bat abiatu behar du, erakundeetatik ahalegin eta konpromiso hori aitortuz, proposamenak eta aldarrikapenak jasoz, eta topaketa- eta elkarrizketa-guneak bultzatuz eta indartuz. Beraz, Azkoitiko EH Bilduk ondorengoa proposatzen du: 

  1. Berdintasun Kontseilua edo Emakumeen Mahaia sortzea, gobernantza eredu parte hartzaile eta demokratiko bat garatzeko asmoz.
  2. San Jose Egoitzako langileen egoerari jarraipen zuzena egitea eta bere aldarrikapenekin bat egitea.
  3. Berdintasun zein barne planen bidez, gobernantza ereduaren inguruan lan egitea eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko bideak ezartzen jarraitzea.
  4. Zeharlerrotasuna garatzeko beharrezkoak diren neurriak martxan jartzea. Horri lotuta, beharrezkoak diren egitura tekniko eta politikoak eratzea; langile eta ordezkari politikoentzat beharrezko trebakuntza eskaintzea; berdintasun teknikaria %100eko jardunaldian jartzea; eta  prozedura administratibo orokor zein politika sektorialetan genero ikuspegia txertatzea proposatzen ditugu.
  5. Mugimendu feministak bidezko eta berdintasunezko gizartea lortzeko egindako eta egiten duen ekarpena eta lana aitortzea.

Hausnarketa horiek mahai gainean utzita, Euskal Herriko Mugimendu Feministak herrian bultzatuko duen dinamikarekin bat egiteko eta Martxoaren 8ko deialdiak babesteko herritarrei bertaratzeko deia egin nahi diegu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide