Urtarrileko ohiko bilkuran emandako iritzia

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EH Bildu 2024ko ots. 1a, 22:11

Buruzaiko proiektuak eragiten digun lau herriok, alegazioak elkarrekin aurkezteko aukeraren aldeko hautua egin genuen. EH Bilduren iritziz, lau udaletxek alegazio bateratuak aurkezteak balio politiko handia ematen die alegazioei eta mezu garbia igortzen dio Green Capytal Energyri. Proiektu honek ziurtasuna baino zalantza gehiago sortzen dizkigu, bai erakundeoi eta baita herritarrei ere. Egoera horren aurrean, lau udalerrietatik alegazioak aurkeztea oso garrantzitsutzat jo dugu.

Hona hemen Azkoitiko EH Bilduk Buruzai parke eolikoari buruz egin duen irakurketa:

2020an, Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Legea onartu zuen Eusko Jaurlaritzak. EHBilduk irakurketa kritikoa egin zion lege horri, gabezia handiak zituelako eta ez zizkiolako gaiari dagozkion mailako politikak eskaintzen.

E.J, Planeamiento Territorial Sektorialak (PTS) zenbait parke eolikoren proiektuak aurkeztu zituen eta, horien artean, 35 guneren kokapen ezberdin agertzen ziren. Horietatik 16 parke eoliko inguru, PTS-tik kanpo gelditu ziren, tartean, Buruzaiko parke eolikoa. Azpimarragarria da,  16 proiektu horiek bakarrik, PTS-k onartzen duena baino potentzia energetiko gehiago ekoizten dutela. Horrek ez du zentzurik eta beharrezkoa da EAErako, energia trantsizio plan integral eta koordinatua lantzea.

PTS-k jasotako alegazio zaparradaren ondorioz, lege proiektua kolapsatuta geratu da. Bitartean, estrategia nazional ezaren eta ordenamendu gabeko azken hilabeteen ondorioz, proiektu inposatzaile eta espekulatiboak aurkeztu dituzte.

2024ko urtarrilean, akordio bat erdietsi da Legebiltzarrean ordezkaritza dugun alderdi nagusien artean, hau da, EAJ, PSE eta EHBilduren artean. 2020Ko Lege markoari beste proposamen batzuk erantsi zaizkio, eta lege marko integrala osatzeko proposamen berriak gehitu dira. Besteak beste,  2030era bitarteko helburuak zehaztu dira. Batzorde zientifiko bat sortuko da, prozesu deliberatiboak burutuko dira eta baita baliabide fosilen desinbertsio publikoa ere. Urrats handiak ematea dagokigu, eta beharrezkoa da urratsak ematea eta norabide zuzenean bideratzea. 

Buruzaiko proiektuak lau herriri eragiten digu: Azpeitiari, Azkoitiari, Ezkio-Itsasori eta Zumarragari. Abenduaren erdialdera ireki ziren proiektuari buruzko tramite administratiboak. Green Capytal Energyk proiektua aurkeztu zuen eta alegazio epeak ireki ziren. Buruzaiko proiektuak eragiten digun lau herriok, alegazioak elkarrekin aurkezteko aukeraren aldeko hautua egin genuen. EH Bilduren iritziz, lau udaletxek alegazio bateratuak aurkezteak balio politiko handia ematen die alegazioei eta mezu garbia igortzen dio Green Capytal Energyri. Proiektu honek ziurtasuna baino zalantza gehiago sortzen dizkigu, bai erakundeoi eta baita herritarrei ere. Egoera horren aurrean, lau udalerrietatik alegazioak aurkeztea oso garrantzitsutzat jo dugu.

Udalek kontratatutako gabinete juridikoek, alegazio zorrotzak eta pisuzkoak egin dituzte eta ziur gaude alegazio horiek eraginkorrak izango direla. Bide luzea dago oraindik aurretik, baina urrats sendoa eman dugula deritzogu.  Trantsizio energetikoa guztion artean egin beharreko erronka handia da. Klima aldaketaren aurrean urratsak emateko momentua da, eta aurrera begira trantsizio energetikoa gauzatu eta baliabide fosilen eremuan desinbertsioak egitea dagokigu.  Buruzaiko parke eolikoaren aurka agertu gara; behin baino gehiagotan horrela azaldu dugu eta horren arrazoiak asko badira ere, bereziki Capytal Energyren eredu espekulatzailea salatu dugu. Ez dugu egoki ikusten inolako kontrolik gabeko proiektu hauen hedapena, gure herriaren erabaki zein irabazi/onurarik gabeko proiektu espekulatzaileak baitira. Capytal Energy enpresak, 90.000 euroko irabaziak aurreikusten ditu.

Gure iritziz, Buruzai proiektuak ez du zentzurik; ez ikuspegi ekonomikotik, sozialetik, zein biodibertsitatearen aldetik. Aurrean dugun erronkak hausnarketa kolektibo sakona eskatzen digu. Energia berriztagarriak horrela ez, baina nola erabili beharko ditugun hausnartzea dagokigu, eta herri bezala urratsak ematea. Gustatu edo ez, energiaren inguruan antolatutako gizartea daukagu. Buruzai bezalako proiektuekiko desadostasuna azaldu arren, bertako energia nola ekoiztu behar dugun planifikatu behar dugu. Gu bide horretan aurkituko gaituzue. Lan handia dugu aurretik, izan instituzioen aldetik zein herritarrenetik. Garapen jasangarria guztion ahotan dagoen kontzeptu bat bihurtu da. Gure esku dago jasangarritasuna edukiz betetzea eta eman beharreko urratsak ematea.  EH Bildutik lan horretan aritu gara hilabete hauetan guztietan eta aurrerantzean ere halaxe arituko gara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide