Udalaren antolaketarako osoko bilkuraren gaineko oharra

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EH Bildu 2023ko uzt. 4a, 15:34
EH Bilduko hautetsiak, kargu hartze ekitaldian. (Ane Olaizola)

EH Bilduk atzoko osoko bilkuran emandako botoen azalpena azaldu nahi die herritarrei. Koalizioak bere proposameneko puntuen alde egin zuen, goi karguen soldatenean izan ezik. Onargarriak ziren funtzionatzeko oinarriak erdietsi zituen EH Bilduk udala blokeo egoeratik ateratzeko eta martxan hasteko.

Atzo, uztailak 3, ospatu zen udalaren lau urterako antolaketa zehazten duen osoko bilkura. Bilkura horretan EH Bilduk udalaren funtzionamenduari hasiera eman eta blokeo egoeran ez gelditzea ahalbideratu zuen.

Herritarrekiko eta herriarekiko daukagun arduragatik, EH Bildu adostasunetara iristeko lanean egon da azken asteetan. Argi geneukan EAJren Udal Gobernuan ez ginela sartuko, baina oposizio arduratsua eta proposatzailea egiteko ardura daukagu herri honentzat alternatiba eraikitzeko lanean jarraitzeko.

EAJren partetik jaso genuen alkatetzaren proposamena eta EH Bildutik ere gurea mahai gainean jarri genuen, guztiaz hitz egiteko prestutasun osoarekin. Nahiz eta ez asebete gure eskaerak osotasunean, bi aldeentzat onargarriak ziren funtzionatzeko oinarriak erdietsi genituen udala blokeo egoeratik ateratzeko eta martxan hasteko. Adostasun horri esker finkatu genituen osoko bilkuren maiztasuna, batzorde informatzaileen osaketak, beste erakundeetako ordezkariak eta puntu korapilatsuena, goi karguen soldatena.

Orokorrean, gure proposameneko puntuen alde egin genuen goi karguen soldatenean izan ezik. Horri abstentzioa eman genion, ez zelako guk nahiko genukeen besteko soldata eta gastu jaitsiera. Hitz egindakoari esker, gobernuaren soldatetako gastua %22,67 jaitsiko da eta gastu osoa %14,06. Jaitsiera horri esker, urtean ia 70.000 euro aurreztuko ditugu, eta agintaldian 275 mila euro pasatxo, beste proiektu eta inbertsioetara bideratu ahal izateko. Hori adostu izan ez balitz, alkatearen soldata ez litzateke jaitsiko aurretik onartutakoarekin jarraituz.

Esan beharra dago, nahiz eta legeak soilik oposizioko talde nagusiari (EH Bildu) lanaldi bat bermatu, Azkoitia Bairi eta PSE-EEri ere eskaini egin zaiela arduraldi partziala, eta horregatik igo dela liberazio kopurua, nahiz eta soldatak jaitsiz gastua murriztuko den.

Ohar honen helburua da atzoko osoko bilkuran emandako botoen azalpena herritarrei azaltzea. Azken hilabete eta asteetan egon diren gorabeheren inguruko irakurketa pausatuago bat zabalduko dugu datozen asteetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide