Asier Altuna "Lapatza"ren gutuna Madrildik

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EH Bildu 2016ko urt. 12a, 10:07

2008tik sekretupean egon den sumarioa berriro indarrean jarri izanaren arrazoi nagusia "motibazio guztiz politikoa" dela nabarmendu du Altunak. 

 

22 euskal herritar Espainiako Auzitegi Nazionalera deituak izan gara urtarrilaren 11n eta 12an.

9/07 sumarioan ageri garen 22 kideoi akusazio larriak egiten zaizkigu, “talde terrorista” bati laguntzea, ondasunen ostentzea eta kapitala zuritzea.

EHAKren ilegalizazioarekin loturik dagoen sumario hau, 8 urte beranduago berriro indarrean jarri izanaren arrazoia garbia da, motibazio guztiz politikoa, beste behin ere.

Estatu aparatuak Euskal Herrian eman daitekeen aldaketa oro baldintzatu nahian dabiltza, eta horretarako eskura dituzten bide guztiak baliatuko dituzte. Errepresioak ez du etenik izan eta horretan jarraituko dute.

Baina jakin dezatela, bai estatuek, eta baita beraien morroiek ere, eraldaketa sozialarekin eta bakearekin konprometituak gauden orok, zailtasunen gainetik herri honen etorkizuna eraikitzen jarraituko dugula, Euskal Herri berri, justu eta solidario baten eraikuntzan.

Mila esker modu batera edo bestera zuen babesa eta maitasuna azaldu didazuen guztioi.

Konponbidearen eta eraldaketa sozialaren bidean, borrokak aurrera darrai!

Asier Altuna Epelde.

 

EH Bildutik mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diogu herriari. Jazarpen politikorik ez!

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide