Amaitu berri dituzte herriko bidegorria hobetzeko lanak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EH Bildu 2015ko uzt. 30a, 12:46
Hainbat errepidetan bizikletentzako bide bat markatu da eta 30km/h abiadura ezarri, lehentasuna bizikletei emanez.

Hilabete eta erdi iraun dute obrek eta helburua herriko hainbat bidegorri zati lotzea izan zen, Gipuzkoako Bidegorri Sarearen atal gisa. Horrez gain, herriko hainbat zebra bide berriztatzeko eta Ipintzan mugikortasun murriztuko pertsonentzako bi aparkaleku margotzeko aprobetxatu dituzte lanak.

 

Bidegorria lotzeko proiektu honetan hiru lan nagusi egin dira. Liburutegiaren eta Elkargunearen artean bidegorriaren zati berria eraiki behar izan da, tartea urbanizatu gabe aurkitzen baitzen orain arte. Ibai Ondo kaleko gasolindegi atzeko aldapan ere aldaketak egin behar izan dituzte, gehiegizko malda murrizteko. Azkenik, bidegorri sarea lotzeko, herri barruko hainbat errepidetan bizikletentzako bide bat markatu da eta 30km/h abiadura ezarri, lehentasuna bizikletei emanez. Hemendik aurrera Elkarguneko tunelean bizikleta eskuan eraman beharko da, oinezko asko ibiltzen diren gunea da eta.

 

 

Lanek guztira 102.900,67€ko kostua izan dute, eta bidegorri sarean zeuden mozketak batzeaz gain, herriko ikastetxe ezberdinak kanpoko igerilekuekin lotzea zuten helburu, bai eta bidegorria herriko kasko historikora gerturatzea ere, beti ere ahalik eta bide lauena eginez. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide