Beittu!

Jose Luis Larrañaga xakelariak munduko errekorra lortu zuenetik 40 urte bete dira

Erabiltzailearen aurpegia Beittu! 2022ko aza. 27a, 09:00

605 jokalariren aurka jokatu zuen Larrañagak Azkoitiko udaletxeko bilkura areto nagusian. Guztira, 31 ordu eta 42 minutuan jarraian aritu zen, eta hala lortu zuen Guiness errekor liburuan sartzea.

Gaur, azaroak 27, 40 urte bete dira Jose Luis Larrañaga xakelari azkoitiarrak xakeko aldibereko munduko errekorra lortu zuenetik. Azkoitiko udaletxeko bilkura areto nagusian jokatu zituen hark xakeko aldibereko partidak. Hain zuzen, 605 jokalariren aurka aritu zen azkoitiarra 31 ordu eta 42 minutuan jarraian, eta hala lortu zuen Guiness errekor liburuan sartzea. Guztira, 535 partida irabazi zituen Larrañagak, 42 berdindu eta 28 galdu.

Anaitasuna Kakute xake taldeak gogoan izan du xakelari azkoitiarrak egindako lorpen hura, eta klubak adierazi du xakeko Maisu Handi entzutetsu bat Azkoitira etorriko dela, 2023ko martxotik apirilera bitartean; klubeko bazkideen aurkako aldibereko xake partidak jokatuko ditu orduan oraindik ezagutzen ez den Maisu Handiak.

Jose Luis Larrañaga omentzeko asmoa du klubak, eta jendaurrean inoiz egin ez duen kontaketa egiteko aukera ere eskainiko dio klubak Larrañagari. Munduko errekorra lortu eta 40 urte beranduago, lorpena eskuratu zuenean izan zituen sentsazioak, bizipenak, uneak, nekea eta drama zein izan ziren azalduko ditu Larrañagak. Anaitasuna Kakuteko zuzendaritza batzordearen esanetan, sanandresetatik bereizi nahi izan dute ekitaldia, bestelako ekintzekin ez nahasteko eta xakearentzat nahiz Azkoitiko herriarentzat "historikoa" izan zen egunari "behar bezalako garrantzia" emateko.

Argazkiak: Arroitajauregi Argazki Fondoa/Azkoitiko Udal Artxiboa

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide