Ademgi elkartearen 'Beste pauso bat' abestiari ahotsa jarri dio Anarik

Jon Maiarekin batera kantatu du abeslari azkoitiarrak Ademgi elkartearen aldeko abestia. Elkarte horren lana ezagutzera ematea da Bizipoza elkarteak aurkeztu duen azken proiektuaren asmoa.

Anari Alberdi musikari azkoitiarrak ahotsa jarri dio Ademgi elkartearen alde egin duten Beste pauso bat abestiari; azkoitiarrak Jon Maiarekin batera abestu du kantua. Bizipoza elkarteak bere barruan dauden hainbat elkarteren kantuak eta bideoklipak aurkeztu ditu 'Mundu Berri Bat 2' proiektuan, elkarte horien eguneroko errealitateak, aldarrikapenak eta transmititzen dituzten baloreak, musika, irudia eta hitzen bidez jasotzeko.

Bizipozak elkarlanean jarri ditu elkarteak eta euskal sortzaileak, 11 kantu eta 11 bideoklip egiteko. Xabier Zabalak konposatu ditu kantu guztiak, eta hamabi idazlek eta bertsolarik sortu dituzte letrak. Hamar kantari eta zortzi musikarik parte hartu dute grabazioetan, tartean Anarik. Ademgi irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, Onura Publikoko eta Gizarte-Intereseko deklarazioak dituena. Esklerosi anizkoitza duten pertsonen eta horien senideen bizi-kalitatea hobetzea du helburu Ademgik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide