Errigoraren 109 saski banatuko dituzte Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia

Errigorak aurtengo Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina bukatu du; orain, saskien banaketari ekingo diote antolatzaileek. Azkoitian 109 saski eskatu dituzte herritarrek. Pandemiaren ondorioz, aurtengoa kanpaina berezia izan dela azaldu dute, baina emaitza bikaina izan du: 302.000 euro bildu dituzte Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskarari hauspoa ematera bideratzeko.

2020ko Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina bukatuta, banaketa ekin diote antolatzaileek. Azkoitian 109 saskiren eskaria jaso dute: 71 saski beltzak, 23 berdeak eta zuriak hamabost.

Aurtengoa, pandemiak eraginda, kanpaina berezia izan dela azpimarratu du Errigorak, eta askotariko pertsona eta eragileek auzolanean egindako lana nabarmendu du: "Nork bere interesei begiratu ordez, batzen gaituenean arreta jarri eta euskararen alde arduraz eta eskuzabaltasunez jokatzeko egindako ahalegin zintzoari balorea eman nahi diogu. Are gehiago bizi dugun egoera nahasiaren ondorioz bakoitzaren premiak nabarmen larritu direnean". "Inoizko baldintzarik gaiztoenean", euskalgintzarako inoiz baino ekarpen handiagoa bildu dutela zehaztu du Errigorak: 302.000 euro. Eskatu diren 16.000tik gora saskien balioaren %25ari dagokio ekarpen horren zati handiena, eta Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskarari hauspoa ematera bideratuko dute diru hori: "Zonalde horretan behar handiak ditu euskalgintzak lehendik ere, eta diru honek balioko du AEK-k dituen euskaltegien, bertako ikastolen eta hezkuntza publikoko D ereduko taldeen aldeko dinamiken lana indartzeko. Baita Nafarroa erdialdean eta hegoaldean euskara plazara ekarri nahi duen egitasmo berriak, Agerraldiak, bere agenda garatzeko nahikoa baliabide izan dezan ere. Baina aurten, pandemiak euskara eta euskalgintza hain estu hartu dituen honetan, Korrika atzeratu dela eta Herri Urrats zein Sortzenen jaia bertan behera geratu direla, saskiko 5 euroko ekarpen osagarria egin dugu, AEK-ri, Seaskari eta Sortzeni zuzenean bideratzeko”.

Herriz herri kanpaina hau posible egin dute Errigoraren sarekideak zoriondu eta eskertu ditu Errigorak, baita kanpainan parte hartzen duten ekoizleak eta saskiak eskatu dituzten herritarrak ere. Auzolanak etenik ez duela ere esan dute, orain eskatutako saskiak banatzea egokitzen delako.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide