Herrian propaganda zein kultur jarduna gauzatzeko udalak jarritako oztopoak salatu ditu AGAk

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Gazte Asanblada 2023ko ots. 27a, 09:06

Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) gaztetxearen beharrezkotasuna adierazteko bidean, propaganda zein jardun politikoa gauzatzeko udalak jarritako oztopoak salatzeko irakurketa bat egin du.

Gazte Asanbladako kideok hainbatetan adierazi dugu gaztetxearen beharrezkotasuna, eta azken hilabeteotan ere gure helburu nagusienetarikoa den hori eskuratzera begira ibili gara lanean. Hasieratik genekien bidea ez zela erraza izango, eta herrian lan politikoa egitea ezinbestekoa izango zela. Ordutik, esku artean genuena kaleetan lurreratzen aritu gara, horretarako propaganda bide ohikoak erabiliz, izan pankarten, kartelen eta jendearen ahoz ahoko lanaren bidez. 
 
Hala ere, bide honetan oztopo ugari izan ditugula azpimarratu nahi dugu. Alde batetik, joan den otsailaren 11n asanbladak antolatutako egitarauaren harira, udalaren eta Udaltzaingoaren aldetik jasandako gertakariak salatu nahi ditugu. Asanbladako hainbat kideri, propaganda egitaraua antolatutako tokira soilik mugatzeko, edo bestela, herrian zehar egon zitekeen propaganda segituan kentzeaz gain, identifikatuak izateko mehatxua egin zieten. Bestetik, herrian propaganda egin eta kultur jarduna aurrera eraman ahal izateko dauden mugek ere asko baldintzatzen gaituzte. Zehazki, bi udal ordenantzek mugatzen dute jarduera aktibo hori. Lehenak, pankarta eta kartel ezarketari dagokionez, hurrengoa dio 52. artikuluan (Hiri hondakin solidoen bilketa eta tratamenduaren udal ordenantzak: 1. (…) pankartak eta kartelak ezartzeko dagokion udal-baimena jaso beharko da. (…). Pankarta ezartzeko eskaria (…) pankartan adieraziko den mezua azalduz eta ezarri nahi den eguna baino bi egun lehenago. Alkateak, edo haren ordez zerbitzuetako Zinegotzi-Ordezkariak hartuko du erabakia. Bigarrenik, ikuskizun publikoak edo aisialdi jarduerak antolatzerakoan aurretik ezarri beharreko bermearen inguruan bertako 10.artikuluak dio espazio irekiaren (publikoaren)  edukiaren arabera, ordaindu beharreko bermea 1.000 eurotik 18.000 eurora bitartean zehaztuko da. 
 
Egoera horren aurrean, azken denboretan propaganda egiteko ditugun zailtasunak mahai-gainean jarri, eta jasandako mehatxuen larritasuna azpimarratzeaz batera, jarrera horiek oinarrizko eskubide politikoen urraketaren baitan ulertzen ditugu. Despolitizazio eta izaera otzana bermatu da azken urteotan herrian, eta horren aurka jaio den espresio politiko oro isilarazteko lana egin dute instituzio burokratek, horien nahiak eta beharrak eskuratzeko oztopoak jarriz. Borondate politikoa duen herriko gazteria ordezkatzen du gazte asanbladak, eta gaztetxea sozializazioa nahiz politika egiteko ezinbestekotzat jotzen den espazioa da. Horregatik, udalean dauden alderdi politikoek ez dute inongo zilegitasunik gure jarduna boikoteatzeko, beraien interes ekonomiko propioak babesteko helburuak bultzatuta. 
 
Hori horrela izanda, udalean dauden alderdi politikoei zein egoera honetan erantzukizuna izan dezaketen beste agenteei, bidean oztopoak jartzen ibili beharrean, oinarrizko eskubide politikoak bermatu, eta gaztetxea eskuratzeko prozesuan konpromiso erreala hartu dezaten eskatzen diegu. Herriko gazteriaren nahiei eta beharrei entzungor egin ordez, instituzio publikoek duten betebeharra betez. Hau da, herriko kapa zabalen arazoak entzun eta horiei irtenbidea ematea. 
 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide