Badoa urtea

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Elduaien Soraluze 2020ko abe. 31a, 08:00

Andoni Elduaienek abenduko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Badoa urtea'.

"Gaztea behin bakarrik izango zara". Zenbat aldiz esan ote digute osaba-izebek zein aiton-amonek esaldi errepikakor hori; ziur nago zuei ere behin baino gehiagotan esan dizuetela. Ezin ukatu hori, ez, behin izango baigara hogeitaka urteko gazteak. Bizitzak aurrera darrai segundoz segundo, eta berandu baino lehen iritsiko zaigu berriz ere "ordena" ezartzen dutenen bizimodu desordenatu hau atzean utzi, eta geuk nahi eta pentsatu bezalako bizimodua egiteko ordua.

Mugen eta traben soka korapilatsuen artean izanda ere, bada horretarako aukerarik egun. Izan ere, urte honek, bere txarrean, izan ditu imintzio eta keinu txarrak alboratu eta ezpainetan irribarreak atera dizkigun une gozoak. Urte berriari ongi etorri ederra eman genion, inguruko guztiei “urte berri on!” esan eta 2020. urtea aurrekoa baino hobea izango zenaren esperantzarekin. 1993. urteko urtarrilaren 20an munduratu ninduen amak, eta 27. urtebetetze eguna ere aski ongi gozatu nuen guztien “zorionak” entzunez eta jasoz, eta ohi bezala Azpeitiko danbor hotsen artean. Inauteriak izan genituen azken jaiak. Festa egitea ez genuen galarazita artean.

Gerora, baina, ingurukoekin, lagunekin, etxekoekin egotea kendu ziguten minutu batetik bestera. Gorroto genuen bizitza hura, eta oraindik ere ilunpean ikusten ditugu etxe barruko oroitzapen haiek. Baina zein politak izan ziren itzulera egunak. Gutako bakoitza ohartu zen gertuko harreman estu hori zeinen beharrezkoa dugun gure bizimodurako. Egunerokotik atera, lagunekin egon, gure arazoei eta gauza onei buruz hitz egin. Lagunak beti lagun.

Futbolzalea ere banaiz, noski, eta ez dakizuenoi esan nahi dizuet: Anaitasuna barru-barrutik bizi dut. Kolore gorri horrek astintzen dizkit barruak, nire poz iturri nagusienetakoa izan da gorrixek ni bezalako jarraitzaileoi emandakoa. Biziki pozten nau neska-mutilen lehen taldeen egoera honek; Hirugarren Mailara igo ziren mutilak, lagunen jokoaz gozatu dut eta zuzenean kontatzeko aukera izan nuen derbia irabazi gero; Errege Kopan, gainera, Lehen Mailako Getafe taldearen aurka arituko dira. Duela urte batzuk taldekide izan nituen neskak, bestalde, oinetan duten maila erakusten ari dira beti zaila den Euskal Ligan eta gainera sailkapenaren punta-puntan. Futbolaz dakidan apurrean laguntzea ere erabaki dut aurten, nik entrenatzailea izan nuen lagun batekin batera, gaztetxo batzuk entrenatzen hasita.

Eta neuretzat gorde nahi nituzken beste zenbat une gogoangarri eman dizkidan 2020. urte madarikatu honek. Urte onak egokitu direnean ere izan dira berri txarrak, txarretan onak izan diren bezala. Onaren gozotasuna dastatzeko txarraren gazia ezagutu behar da, eta txarraren iluna ezagutzeko onaren argia. Utz iezaiozu eguneroko gauza txarretan eta tristeetan pentsatzeari, eta pentsatu une batez 2020ak eman dizkizun gauza onekin. Ziur nago zuk eta zure ingurukoek izan dituzuela egunak alaitu dizkizuen arrazoiak. Amaitu ondo bisurtea, eta datozen 365 egunak izan daitezela aurtengo 366ak baino hobeak. Eutsi ametsei.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide