Mendiko eskiaz gozatzeko aukera izan dute hainbat lagunek asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna mendi bazkuna 2024ko mar. 26a, 10:08
Mendi eski irteeran parte hartu duten herritarrak (Anaitasuna mendi bazkuna)

Anaitasuna mendi bazkunak bi irteera antolatu ditu asteburuan: Gure txokoak ezagutzen egitasmoaren barrukoa batetik, eta mendi eskia praktikatzekoa, bestetik. Eskiatzaileek giro apartaz gozatzeko aukera izan dute, aldarte ederrean.

Pasa den asteburu honetan bi irteera izan ditu Anaitasuna mendi bazkunak. Mendiko eskian zaleak direnentzat zein inguruko mendietan oinez ibiltzea gustuko dutenentzat, guztientzat egon da aukera.

Larunbatean, Gure txokoak ezagutzen irteerakoek Urretxutik abiatu eta Irimora igo ziren, handik Gorlara igaro eta bertatik Urrategira jaisteko. Han bazkari ederra egiteko aukera izan zuten mendizaleek.

Bestetik, mendi eskiko irteerara ere 19 laguneko taldea animatu zen, gogotsu aurtengo denboraldiko lehendabizikoa izanik. Eguraldi apartaz gozatzeko aukera izan zuten aldarte ederrean. Larunbatean Portalet gainetik abiatu eta Canal Roya tontorra (2.348 m) igo zuten. Gero behera jaitsi eta bigarren tontor bat egiteko denborarekin eta giro ederra aprobetxatuz, batzuk Cuyalaret (2.291 metro) tontorra igotzera ere animatu ziren, gainontzekoek behean garagardo freskoaz gozatzen itxaron zuten bitartean. Igandean, berriz, Anayeteko aparkalekutik Espelunciecha tontorra (2.399 m) igo zuten iparraldeko kanaletik. Kranpoi eta pioletak hartu eta baldintza onak topatu zituzten bertan. Tontorrean mokadutxoa egin eta Anayeteko lakuetara jaitsi ziren handik, Arroyeras (2556m) mendira abiatuz jarraian. Azken honetarako bidean ordea, izoztutako malda batekin topo egin zuten eta buelta hartu eta beheranzko bidea hartu zuen taldeak, jaitsiera ederraz gozatuz eta asteburua borobilduz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide