Askotariko ekintzak izango dira Mendi Jardunaldietan

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna mendi bazkuna 2024ko ots. 26a, 16:23
Igone Mariezkurrena, artxiboko irudi batean. (Kronika)

Anaitasuna Mendi Bazkunak Mendi Jardunaldiak antolatu ditu, eta apirilera bitartean hainbat emanaldi izango dira. Indusen ibaibideak izeneko erakusketak zabalduko du egitasmoa Portaleburun.

Anaitasuna Mendi Bazkunak Mendi Jardunaldiak antolatu ditu, eta horren harira, datozen martxo eta apirilean askotariko emanaldiak ikusteko aukera egongo da.

Hasteko, Mendi Tour ekarri dute Azkoitira. Mendi eta Abentura Zinemaren Nazioarteko Jaialdiko sail ofizialeko Zerbait aldatu da, La Gara, The Silent Scape eta Captains on El Cap film eta film laburrak ikusteko aukera egongo da, beraz, Baztartxo Antzokian martxoaren 6an.

Horri jarraituko dio Igone Mariezkurrenaren hitzaldiak, martxoaren 19an. Mariezkurrenak, 2022ko udaberrian Islandiako Westfjords eskualdean bizikletaz egindako bidaiaren proiekzioa emango du. Emanaldiaz gain, eta Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Azkoitiko Udaleko Berdintasun Sailarekin elkarlanean Igone Mariezkurrenaren erakusketa ere egongo da ikusgai Portaleburun, martxoaren 1etik 17ra . Indusen ibaibideak izeneko erakusketak Pakistango klima aldaketa eta emakumeak ditu ardatz, eta kazetari eta antropologoak bertatik bertara eta landa-lanean jasotako informazioak, testigantzek eta irudiek osatzen dute erakusketa. Gainera, Mariezkurrenaren eskutik bisita gidatua egiteko aukera ere egongo da martxoaren 7an, arratsaldeko 18:30etan.

Apirilaren 9an, Aymar Navarro eskiatzailea entzuteko aukera bikaina izango dute kirol hori gustuko dutenek, Aran bailarako freerider-ak bere hamar urteko jardunbidearen inguruan emanaldia eskainiko duelako, eta berarekin hitz egiteko aukera bikaina izango dugu bertan.

Mendi Jardunaldiekin amaitzeko, apirilaren 23an herriko bi eskalatzaileren emanaldia ikusteko aukera egongo da. Iñaki Arakistain eta Joseba Larrañagak munduko puntu desberdinetan (Espainia, Marruekos, Jordania…), izotzetan zein harrian ireki dituzten bideen errepaso bat egingo digute.

Emanaldi bakoitzaren inguruko informazio zehatza bakoitzaren kartelean ikusi ahal izango da, Hemendik ere publikatuko da eta mendi taldearen sare sozialetan ere kontsultatu ahal izango da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide