Anaitasuna Mendi Bazkunak irteera egingo du Nafarroako Pirinioetara irailaren 17an eta 18an

Ezkieta mendiaren irudi bat. (Travesía Pirenaica)

Larunbatean ibilbide zirkularra egingo dute Belagua inguruan, eta igandean, Lintzan amaituko dute ibilbidea. Lopetegi Iturgintzan eman ahalko da izena txangorako, eta bazkide direnek lehentasuna izango dute.

Anaitasuna Mendi Bazkunak irailaren 17rako eta 18rako mendi irteera antolatu du Nafarroako Pirinioetara. Larunbatean, irailak 17, Belagua inguruan ibilbide zirkularra egingo dute, Lakartxela menditik igarota. Gaua Belaguako aterpean pasatu ondoren, igandean, irailak 18, aterpetxetik atera eta Lintzan amaituko dute ibilbidea, La Paquiza de Linzola menditik igaroz.

Irailaren 17an goizeko 05:00etan aterako da autobusa liburutegi aurretik, eta irailaren 18an itzuliko dira Azkoitira. Izen-ematea Lopetegi Iturgintzan egin ahal izango da ondorengo egunetan: bazkide direnek irailaren 5etik 13ra eman ahalko dute izena, eta bazkide ez direnek, irailaren 9tik 13ra. Plazak mugatuak izango dira; hori dela eta, bazkideei lehentasuna ematea erabaki dute.

Bazkideek 60 euro ordaindu beharko dute inskripzioa, eta bazkide ez direnek, 75 euro. Autobusa, afaria, lo egitea eta gosaria sartzen dira prezio horren barruan. Anaitasunak gogorarazi du komenigarria dela mendi irteeran parte hartzeko federatuta egotea, hala izan ezean kluba ez baita ezeren erantzule egingo.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide