Anaitasunaren emakumeen talde nagusia itzuli da lanera

Euskal Ligako taldeko jokalariak eta arduradunak atzo, Txerloian. (Anaitasuna)

Atzo egin zuen denboraldiaurreko lehen entrenamendua Mikel Barqueroren taldeak. Irailaren 9an ekingo dio taldeak Euskal Ligari. Ordura bitartean, lau lagunarteko partida jokatuko ditu.

Gizonenaren ondoren, Anaitasunaren emakumeen talde nagusia ere martxan da. Atzo elkartu ziren Txerloian Euskal Ligako taldekideak, 2023-2024 denboraldia prestatzen hasteko. Euskal Ligaren egutegiaren berri ez dute eman oraindik, baina irailaren 9an hasiko da liga eta orduan jokatuko du lehen neurketa Mikel Barquerok gidatutako taldeak.

Ordura bitartean, aste gehienetan hiruna lan saio egingo dituzte Anaitasunako emakumeek, eta horiez gain, lau lagunarteko jokatuko dituzte, horietatik hiru etxean. Lehendabizikoa datorren astean izango dute, abuztuaren 12an; Añorgaren Liga Nazionaleko eta Euskal Ligako jokalariz osatutako taldearen kontra neurtuko dituzte indarrak Azkoitikoek, San Juanen. Abuztuaren 23an, Reala C etorriko da San Juanera, eta hilaren 26an Euskal Ligako Añorga, Txerloira. Denboraldiaurreko laugarren eta azken neurketa da Anaitasunak etxetik kanpo jokatuko duen bakarra: Goierri Gorri taldearen zelaian ariko dira gorritxoak irailaren 2an.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide